"Zentzuzkoa al da autoei pasatzen uztea eta oinezkoei ez?"
Donibanera bakailaoa erostera zihoala buelta emateko eskatu zion atzo Axun Garmendia lezoarrari Pasaiako Udaltzaingoak. Gertakariak hausnarketa eragin du Garmendiarengan.
Alarma egoera dekretuak baimendutako irteerei dagokionez, oraindik ere ez dago guztiz argi zer egin daitekeen, non eta noiz. Izan ere, baimendutako irteeren baldintza batzuk kontraesankorrak dira. Axun Garmendia lezoarrak HITZAri egindako kontakizuna horren eredurik argiena da.
Atzo goizean, Lezoko inguruetatik paseatzera irten zen Garmendia eta Donibanetik gertu zela bakailaoa erostea bururatu zitzaion. Errotetara iristean, baina, Donibaneko sarreran udaltzain patruila bat topatu zuen, “bakailaoa erostera nindoala azaldu nien, denda metro batzuetara zegoela. Baina ezin nuela pasa esan zidaten”. Hitz egiten zien bitartean, autoak arazorik gabe sartzen zirela ohartu zen Garmendia, “autoz etorriko banintz, erosketak egin ahalko nituzkeen galdetu nien, eta ‘bueno’ erantzun zidaten”.
Etxerako bidean zela, hausnarketa interesgarria egin zuen Garmendiak gertatutakoaren inguruan: “Uler dezaket arauak debeku bat ezartzea, baina zentzuzkoa al da autoei pasatzen uztea eta oinezkoei ez?”. Hari hartatik tiraka, konfinamendua hasi zenetik bultzatu (ala baimendu den) erosketa eredua zalantzan jarri du.
Agintariek etengabe eskatu dute gertu dauden dendetan erostea, hori baita modurik eraginkorrena kutsatzeak ez hedatzeko. Beste gauza bat da, ordea, zer den gertutasuna eta zer den tokiko komertzioa bultzatzea. Garmendiak adierazi bezala, ez dirudi oso zentzuzkoa lezoar bati Donibane ala Errenteria-Oreretako denda txikietara joateko oztopoak jartzea, baina ateak zabalik uztea inguruko merkataritza gune handi batera joateko.