Estrategikoki kokatuta zegoen Errenteria, zer garrantzia izan du horrek?
Hamalau egunez, egun bakoitzeko galdera bat erantzungo du Iago Irixoa Cortes historialari eta ikerlariak. 700 urte bete ditu aurten hiribildu eratu zenetik Errenteriak, eta Irixoak garaian garaiko zehaztasunak emango ditu. Herriaren historian murgiltzeko azalpen interesgarriak eman ditu historialariak, Errenteria nondik datorren eta nora doan ulertzeko lagungarriak. Honakoa, bosgarrena.
Hamalau egunez, egun bakoitzeko galdera bat erantzungo du Iago Irixoa Cortes historialari eta ikerlariak. 700 urte bete ditu aurten hiribildu eratu zenetik Errenteriak, eta Irixoak garaian garaiko zehaztasunak emango ditu. Herriaren historian murgiltzeko azalpen interesgarriak eman ditu historialariak, Errenteria nondik datorren eta nora doan ulertzeko lagungarriak. Honakoa, bosgarrena.
Egoera horrek eragin positiboak ekarri zituen, jakina. Nafarroako burdina eta bertako zein Aragoiko artileari irteera emateko leku lehenetsietako bihurtu zen, Goizueta eta Errenteriaren arteko komunikazioak hobetzeko saiakerek edota Iruñeko merkatari adostutako hitzarmenek ondo islatzen duten moduan.
Gainera, Iparraldekoen zein Hegoaldekoen harremanak agerikoak ziren. Alde batetik, erlijioan, XVI. mende erdialdera arte Errenteria eta Gipuzkoako ekialdea Baionako gotzain-barrutian sartuak zeudelako; bestetik, Gaztelako eta Frantziako Koroen artean guda egoera zegoenean ere, Bidasoaren alde bateko zein bestekoen harremanei eusten zitzaielako. Alde horretatik, hiri-gutunaren aurretiko garaian Oiartzungo udalbatzak 1316an idatzitako salmenta-gutun bat bereziki azpimarragarria da, gaskoiez idatzita baitago. Hasiera batean, gure inguruetan gaskoi komunitate sendo bat ezarri zela pentsatzera eraman gaitzake, baina gure ustez gaskoi hizkuntzak zuen erabilera administratiboaren ohikotasunaren adierazlea da, bereziki Baionarekin zeuden harremanen ondotik sustatutakoa, Donostian —eta, froga dokumental zuzenik ez badugu ere, ziurrenik Hondarribian)—ere erabili zela ahaztu gabe.
Gertuko zein urrutiko harreman hauek, nahita ez, gizarte mailan eragina izan zuten, jendea gurera etorri baitzen, bai epe motzeko negozioak bideratzeko baina baita bertan finkatu eta bertara ezkontzeko. Errenteriako Historiarako horren adierazgarria den Gamon abizena horren lekuko da.
Baina, halaber, ondorio ilunak eman ziren, gerrak eta horiek eragindako suntsiketak eta jazarpenak, besteak beste. Garaiko Europako monarkien guda-zelaia izan zen Euskal Herria, eta eragin horiek erresuma desberdinen mugetan kokatzen ziren lekuek bereziki pairatu zituzten, tartean Hondarribiak, Irunek, Oiartzunek eta, jakina, Errenteriak.