"Etxe gutxi batzuekin eratzen hasita zegoen auzunea zen Errenteria"
Errenteriaren 700 urteurrenaren harira, Errenteriako Udalarekin elkarlanean elkarrizketa sorta egiten ari da HITZA. Honakoa, Iago Irixoa Cortes historialari eta ikerlariarekin egindako, galderaz galdera hamalau egunez HITZA-k zabaldu duena, osorik. Erdi Aroaz mintzo da bertan Irixoa.
Nolakoa zen Errenteria 1320. urtean?
Oso galdera interesgarria. Populazio bati hiri-gutuna ematen zaionean bi aukera daude. Batetik, aldez aurretik finkatua zegoen gune edo herrixka bati maila juridiko berria ematea. Bestetik, hiri-gutuna herri berri bat propio eratzeko erabiltzea. Hainbatek, 1320ko dokumentuak aipatzen duen Orereta toki edo leku horren ildotik, ordurako eratua zegoen gunea ikusi dute Errenteriako kasuan, hau da, herrixka bat.
Nire uste apalean, erdibideko kontu bat izango litzateke; etxe gutxi batzuekin eratzen hasita zegoen auzune moduan ikusi behar da.
Hiri-gutuna eman zenean, Orereta izeneko eremu horrek ordurako nolabaiteko garapena izan zuela badakigu, dokumentazioak berak islatzen duenez. XIII. mende amaierarako, Gaztelako erregeek Oiartzungo portuari toki aproposa iritzi izan zioten produktuen inportazio-esportazioari lotutako hamarren zaharra edo itsas-hamarrena izeneko zerga edo saria kobratzeko; Oiartzungo kasuan, burdin esportazioari lotutako jarduerari aplikatuko zitzaiona.
Horrek esan nahi du Oiartzun eta inguruetan ekoizten zen metal horrek oihartzuna zuela, baita eskualdetik harago ere; bestela, erregeak ez zukeen zergarik kobratzeko interes berezirik izango. Egoera honetan lekuaren garapena bultzatuko zen, besteak beste, erregeak berak saria kobratzeko azpiegitura bat eraikiz —errenteria, alegia— eta Bailaratik jaisten zen burdina itsasontzietan zamatzeko leku bat ezarriz.
Ingurumari honetan ematen zen jarduerak jendea pixkanaka erakarriko zuen. Alde horretatik, 1340ko dokumentu batean adierazitakoak ditugu. Errenteriaren hiri-gutuna berrestean, erregeak jatorrizko dokumentua Oiartzungo errenteriako biztanle eta gizon onei eta Oiartzun lurreko beste gizonei bidali zitzaiela adierazten zuen; leku desberdinetan bizi ziren pertsonak, baina guztiak erakunde berari lotuak, Oiartzuni, hain zuzen ere. Horrek, Bailarak oreretarrak nola ikusten zituen oso ondo islatzen du, nola eta Oiartzungo errenteriaren inguruan biltzen ari ziren pertsonak bezala.
Bestalde, 1318an, erregeak Oiartzungo portuan ainguraleku bat ezartzea agindu zuen, Hondarribia-Getaria arteko itsas-bidea egiten zutenen babes-leku bezala eta haren hamarrenak ez galtzeko asmoz. Aukeratutako lekua arrarotzat jo dezakegu, Orereta inguruak izan ordez, monarkak Pasai San Pedroko Kodemastitik bokalerako tartean ezartzea agindu baitzuen. Gainera, ainguraleku horren aukeraketan Oiartzunek ez zuen inolako protagonismorik izan, bai, ordea, Hondarribiak eta Getariak; eta hori oso adierazgarria da, Bailarak portuan interes handiak zituelako, agian dagoeneko Donostiaren kaltetan zihoazenak. Bazterketa honek ez du zorizkoa ematen, hiri-gutuna lortu baino bi urte lehenago jazo baitzen; non eta Oiartzungo portuan baina Oiartzunen partaidetzarik gabe hartutako erabakian.
Azkeneko urteetan egindako arkeologia-indusketek, gainera, ildo hori indartu dute. Kapitainenean egindako lanek XIII. amaiera eta XIV. mendearen lehenengo erdialde artean datatutako labe bat azaleratu dute. Honela, hiri-gutuna sortu aurretik egitura ez bazen, hiribildu berriaren lehenengo urteetan sortutakoa genuke, bertan nolabaiteko jarduera ematen ari zenaren seinale.
Hori guztia aintzat hartuz, hiribildua sortzeko erregeari ematen zitzaizkion babes-argudio horietatik harago, burdinari lotutako merkataritzan zeuden interes ekonomikoek beraien lekua zutela erakutsiko liguke. Ondorioz, pixkanaka Pasaiako badia edo, hobe esanda, XIV. mendeko kartografian ageri zaigun Oiartzungo portua izaten ari zen garapenaren itzalean garatzen zihoan komunitate batez hitz egin behar dugu.
Zein azalera, zenbateko biztanleria zuen? Nolakoak ziren garaiko biztanleak?
Hiri-gutunaren aurretiko garaiko jarduera horrek, merkataritza jardueraren gerizpean, jendea erakarriko zuen, etxe gutxi batzuetatik auzunerako bidea eginez. Hiribildu titulua eskuratzeak ere, teorian eragin zuzena izango zuen biztanlerian. Hasieran biztanle gutxi batzuk zirenak, pixkanaka-pixkanaka ugaritzen joango ziren.
Kuantitatiboki zenbat ziren azaltzea, ordea, oso zaila da, ia ezinezkoa. Isastik, XVII. mende hasieran, hiribildu barruko etxeak 250 inguru zirela adierazten du, baina hau ez zen XIV. gizaldiaren hastapenetako egoera, inondik ere.
Aipatu dugun indusketaren ondorioz, badirudi hiribildu berriak, bere hastapenetan, uste zena baino zabalera handiagoa hartu zuela, baina lehenengo hamarkadetan muina egungo herriko plazak eta bere inguruek osatuko zuketen. Madalena eta Santa Klarako errebalak geroago sortu ziren, XV. mendearen amaieran.
Dena den, eta beste hainbat kasutan gertatzen den bezala, hiribildu tituluak ez omen zuen berehalako arrakasta demografikorik izan. Badirudi hasierako urteetan ez zela uste bezain jende dezente populatzera joan, Oiartzunekin izandako liskarretako batek, XIV. mende amaierakoak, Bailarako biztanleak Oreretara bizitzera joateko zuten gogo eza agerian uzten du, beti ere hiribilduaren esanetan. Ez dugu ahaztu behar XIV. gizaldiaren bigarren erdialdeak Izurri Beltzaren eragin bortitza izan zuela, lekuaren arabera ondorioak arinagoak edo lazgarriagoak izan baziren ere. Hala ere, finkatze prozesua ez zen gelditu; adibide gisa elizaren eraikuntza dugu, 1334-1364 artean egindakoa.
Garaiko biztanleei dagokienez, Europan ematen zenaren ondoan ez zen desberdintasun handirik, nahiz eta lekuan lekuko aldeak izan, hala nola, hizkuntzan, janzkeran edota elikaduran. Jakina denez arto, babarrun, tomate edo piperrik ez zegoen; horien ordez aza, tipula, porrua, zalkea, artatxikiz edo gariz egindako ogia, pikua, mizpira, sagarra, udarea, urra, intxaurra edo gaztaina ziren elikaduraren protagonistak. Kostaldean egonik baina bereziki erlijioak ezarritako egutegi eta araudia dela eta, Errenterian arraina gehiago kontsumitzen zen haragia baino; biak ala biak, freskotan, lehortuak edo gatzatuak. Arruntena lapiko on bat prestatzea zen, ogi eta haragi pusketak botaz, eta egunean bi aldiz jaten zen, bazkaria 10:00ak edo 12:00ak aldera egiten zen. Ohiko edaria sagardoa bazen ere, ardoak geroz eta ospe eta sona handiagoa eskuratzen hasi zen, gizarte-maila edo kategoria hobekotzat jotzen zen, eta hemengo herriek bertan ekoizteari ekin zioten, baita Seguran edo Tolosan ere.
Errenterian mahasti edo ardantzen inguruko datuak ez dira ugariak, baina jakin badakigu Pontika inguruetan izan zirela.
Zein harreman zuen Errenteriak ondoko herriekin?
Harremanen txanponak bi alde zituen, interesen arabera Leon ala Castillo ateratzen zelarik. Argi dago hiri-gutunak Oiartzunengan eragin latza izan zuela, Bailara baitzen eskualdeko buru administratiboa 1320ra arte. Bat-batean bere zentraltasun politiko, ekonomiko eta erlijioso horri arrakalak sortzen hasi zitzaizkion, geroz eta handiagoak, XVI. mende hasiera arte itxiko ez direlarik. Bi aldeen arteko lehenengo liskarrak 1340an dokumentatuak ditugu, oiartzuarrek zer eta hiri-gutuna lapurtu eta ezkutatu zutenean. Dirudienez, Oreretan hiribildua finkatzea eskatu zutenen interesak eta Elizaldekoenak ez zetozen guztiz bat. Bailaratik, batek baino gehiagok mesfidantzaz ikusiko zuen ekimen berria, tartean, ziurrenik, bertako gizartean itzal handia zuen Ugarte leinuak.
Alde horretatik, Oreretako Herri Memoria taldeak eta bereziki Luis Elberdinek burutu duten lan mardulean, herriaren izenaren inguruan oso hipotesi interesgarria mahai gaineratu dute, aintzat hartzekoa. Beraien ustean, Bailararen eta hiribilduaren arteko borroka toponimiaren esparrura ere hedatu zen. Ez dugu ahaztu behar gerora Errenteria izango zenari Oiartzungo hiriberri edo Villanueva de Oiartzun izena eman zitzaiola hiri-gutunean; hau da, Bailararen zentraltasun politikoaz gain, izenaz ere jabetu zen. Elberdinen lanak Gipuzkoa eta Gaztelatik sortutako dokumentazioan eta Nafarrotatik idatzitakoan oso aldaketa adierazgarria dagoela adierazten digu: lehenengo biek, hiribilduaren interesen babesle ziren heinean, XV. mende amaiera arte Oiartzungo Hiriberri erabiliko dute; Oiartzungo ahaide nagusi zen Ugarte leinuak Nafarroarekin zituen loturak islatzen duten dokumentuek, berriz, Errenteria esango diote oso goizetik, noiz eta XIV. mende erdialdetik. Horrek zer esan nahi du? Bada Oiartzunek ez zuela bailararen izena hiribilduak hartzerik nahi; beraientzat, Oiartzungo hiribildu berria errenteria bat zen, oiartzuarren errenteria, hain zuzen ere. Izenaren bidez gune bakoitzaren izaera agerian utzi nahi zuten: batzuk tradizio eta garrantzia handiko Bailara ziren bitartean, besteak azpiegitura arrunt eta soil baten inguruan finkatutako auzune kaskarra besterik ez ziren. Ondorioz, Errenteria izena ez zen inolako inperialismo gaztelar edo espainol maltzurraren ondorio izan, ezta gutxiago ere; Oiartzunen beraren ekimena izan zen, Oreretan zeudenen izaera gutxietsi eta mespretxatzeko.
Ideia lehenengo aldiz planteatu zidatenean mesfidati agertu nintzela aitortu behar dut, oso mesfidati. Guk izenaren eraldaketaren ingurukoak XV. mende amaieran kokatzen genituen, Oiartzunen eta Errenteriaren arteko behin-betiko banaketaren ildotik. Baina txostenean burutu duten iturri-alderaketa lan latza ikusita, mahai gaineratu duten hipotesiak indar eta sendotasun handia duela ikus daiteke. Elberdinek eta bere lagunek benetako ardura hartu dute gaia ikertzeko garaian, oso gutxitan ikusten den azterketa eta iturrien alderaketa eginez. Eta onartu behar dut, lotsarik gabe, gaiak benetan harrapatu ninduela eta zenbait kontutan lagundu diedala.
Esan bezala, planteatzen den ideia ez da astakeria bat, are gehiago, Pasaiaren kasuan beste horrenbeste jazo zela ematen duenean. Dakigunez, jurisdikzioaren gaineko eztabaidak mende luzeetan iraun du eta oraindik dirau. Denbora horretan guztian, liskarrek hamaika esparru hartu zituzten, baita toponimian gorpuztu ere: Errenteria eta Oiartzunentzako Oiartzungo portua zena, Donostiaren interesak islatzen zituen Pasaia toponimoari leku egin zion.
Bigarren izen aldaketa hori izan zen, gainera, Errenteriaren beste ildo historiko nagusiaren adibide bat: Donostiaren aurkako interes borroka. Lehen Kodemastiko gertakariaz aritu bagara, hiribildu titulua eman eta urte gutxira agerian geratzen dira bi herrien arteko talkak, 1338an. Handik aurrera ia etengabeko zurrunbiloan sartuko gara. Baina jarrera politiko kontrajarriez harago, donostiarrek beraiek Errenteria negozioetarako erabiliko dute: ontziak bertan eraiki zituzten eta Pasaiako badiaren inguruko mugimendua ere aprobetxatuko dute.
Itsasoak arrasto nabarmena utzi dio.
Argi dago. Hori da Historiak dakarren alde interesgarrienetako bat: egun hiri-garapenak zeharo aldatu dituen paisaien iraganeko jardueratara hurbiltzeko aukera ematen digu, askotan guztiz arrotzak diren ikuspegiak azaleratzen zaizkigularik. Errenteria eta Pasaiako badia horren lekuko argia dira. Egun dugun oroitzeko gaitasuna geroz eta eskasagoa da, baina gure gurasoei galdetzen badiegu, Pasai San Pedroko elizara bertara ura iristen zela entzun diezaiekegu, guretzako beste mundu bat balitz bezala. Errenteriarekin berdin gertatzen da. Zorionez, Pasaiaren garrantzia historikoak material kartografiko ugari sortu du, errealitate horretara modu egokiagoan gerturatzea posible egiten dutelarik.
Errenteriarentzat, itsas-jarduera oso garrantzitsua izan zen, sortu zenetik eta XVI eta XVII. mendeetako gorenaldietara arte. Xenpelar plazatik hasi eta Biteri kalean zehar Matxingoa (edo Kaputxinoak) lurmuturrera zihoan kaia, XV. mende amaieran eraikitzen hasi zena, horren lekuko argia da; azpiegitura hori egoera onean mantentzea ia obsesio bilakatu zen eta hamaika lan eman zizkion udalbatzari, horretarako dirutza jarriz. Baina itsasoan oinarritutako jardun horri eutsi nahi bazitzaion, halako ekimenak abian jarri behar ziren. Bertakoen asabek oso ongi islatzen dizuete itsasoa jarduera esparru lehenetsia zela, izan merkataritzan, ontzigintzan edo arrantzan, erregearen aldeko zerbitzu militarrak ahaztu gabe.
Errenteria ez zen Londres, Sevilla, Valentzia, Venezia edo Rafusaren mailara iritsi, jakina, baina bere txikitasunean, eta nazioarteko mailan ezaguna zen Pasaiako badiaren zati izanik, leku interesgarria bihurtu zen. Horren berri ematen duten hamaika datu dugu: Europa iparraldera zein Indietara egindako bidaietan lortzen ziren mozkinen portzentaje bat elizara bideratzea, Ingalaterrako Bristol hiriarekin uztartutako harremana, hiribilduko apaiz batek apopilo zituen Ingalaterrako umeei eskolak emateko agertutako asmoak, Flandrian artelanak eskuratzea, Poloniako organo jotzaileak elizan jardutea edota, Cromwell-en basakeriak akuilatuta, Irlandatik gurera etorri zen Nicholas French gotzainaren egonaldia, besteak beste. Funtsean, munduari irekia zegoen eta ukitu kosmopolita zuen lekua irudikatu dezakegu.
Estrategikoki kokatuta zegoen Errenteria, zer garrantzia izan du horrek?
Egoera horrek eragin positiboak ekarri zituen, jakina. Nafarroako burdina eta bertako zein Aragoiko artileari irteera emateko leku lehenetsietako bihurtu zen, Goizueta eta Errenteriaren arteko komunikazioak hobetzeko saiakerek edota Iruñeko merkatari adostutako hitzarmenek ondo islatzen duten moduan.
Gainera, Iparraldekoen zein Hegoaldekoen harremanak agerikoak ziren. Alde batetik, erlijioan, XVI. mende erdialdera arte Errenteria eta Gipuzkoako ekialdea Baionako gotzain-barrutian sartuak zeudelako; bestetik, Gaztelako eta Frantziako Koroen artean guda egoera zegoenean ere, Bidasoaren alde bateko zein bestekoen harremanei eusten zitzaielako. Alde horretatik, hiri-gutunaren aurretiko garaian Oiartzungo udalbatzak 1316an idatzitako salmenta-gutun bat bereziki azpimarragarria da, gaskoiez idatzita baitago. Hasiera batean, gure inguruetan gaskoi komunitate sendo bat ezarri zela pentsatzera eraman gaitzake, baina gure ustez gaskoi hizkuntzak zuen erabilera administratiboaren ohikotasunaren adierazlea da, bereziki Baionarekin zeuden harremanen ondotik sustatutakoa, Donostian —eta, froga dokumental zuzenik ez badugu ere, ziurrenik Hondarribian)—ere erabili zela ahaztu gabe.
Gertuko zein urrutiko harreman hauek, nahita ez, gizarte mailan eragina izan zuten, jendea gurera etorri baitzen, bai epe motzeko negozioak bideratzeko baina baita bertan finkatu eta bertara ezkontzeko. Errenteriako Historiarako horren adierazgarria den Gamon abizena horren lekuko da.
Baina, halaber, ondorio ilunak eman ziren, gerrak eta horiek eragindako suntsiketak eta jazarpenak, besteak beste. Garaiko Europako monarkien guda-zelaia izan zen Euskal Herria, eta eragin horiek erresuma desberdinen mugetan kokatzen ziren lekuek bereziki pairatu zituzten, tartean Hondarribiak, Irunek, Oiartzunek eta, jakina, Errenteriak.
1638. urtean su eman eta guztiz desegin zuten
Aitortu behar badut, ez dakit 1638ko ondorioak ondo ikertuak dauden ala ez; ezezkoan nago. Hala ere, ditugun printzekin, su emate horrek bat baino gehiago kokoteraino utzi zuela argi dago; horren ernegatua, ezen hiribildua lekuz aldatzea planteatu zen, Basanoaga inguruetara, hain zuzen ere. Azkenean kokapena bere horretan mantendu zen, suntsitutakoa berreraikitzea merkeagoa zelakoan. Hala ere, proiektuaren beraren ideiak argi adierazten du mugakide izaera horrek zer eragozpen ekarri eta nolako atakan utz zezakeen Errenteria.
Esan bezala, 1638ko sutearen ondorioak ondo aztertu ez direlakoan nago; ez horiek ezta 1512koak ekarri zituenak ere. Interesgarria litzateke hiriguneko etxeen jabetzan eraldaketa eta espekulaziorik izan zen, bertako eliteek ondare-metaketa prozesu bati ekin zioten, hiribildu barnean maiztertzak eta errentamenduak areagotu ziren eta hirigunetik landa mundurako bidearen joera handitu zen ala ez jakiteko.
Balio historiko eta arkitektoniko handiko eraikinak ditu Errenteriak.
Hasteko, horien arrazoian pentsatu behar dugu. Zergatik, zein testuingurutan eta zeinek egin zituen. Ez dira zorizko kontuak; etxe partikularren kasuan, familia batzuen taktika dira eta hiriek, hiribilduek eta herrixkek beste horrenbeste egin zuten beraien hirigunearekin. Xedea, beraien izaera, fama, ohorea eta loria azpimarratzea zen. Azken finean, ondo harriztatutako galtzadak, hiribilduko ateetako armarriek, eliza handi batek edo erloju bat izateak komunitatearen izen onari eragiten zion.
Modak ez dira XX. mendeko kontua, garai hartan ere beste horrenbeste ematen zen. Jakina, dirua dagoen ingurumari batean, ongileek beraien jaioterriaren edo bizilekuaren aldeko lanak areagotu egingo dituzte. Hala, mendeetan zehar burututako lanen datuek azterketa horiek zer nolako isla izan zuten argituko liguke: armarriak, fatxadetan egindako apainketak, elizari dohaintzan emandako erretaulak…. Lope Martinez Isastikoak, adibidez, 1625ean egiten zuen deskribapenean azpimarratzen zuen gauzetariko bat, kaleen lauzadura zen.
Alde horretatik, Errenteriak badu kontraesan azpimarragarri bat: lonjarena. Honen ingurukoak, hein handi batean, Luis Elberdinek egindako lanari ere zor dizkiogu. Beti ikusi izan dugu Errenteria izena lonja bati eta errentak kobratzeko eraikin bati lotuta, baina harrigarria badirudi ere, udalbatzak ez zuen, propio, halako eraikinik altxa, Donostian, Hondarribian edo kostaldeko beste hamaika lekutan gertatu ez bezala.
Lonja errentan hartzen zutenen etxeak erabili ziren orokorrean, eta gerora, XVII. mendearen lehenengo hamarkadetan, Magdalenako ate ondoan zegoen eraikin bat erosi egin zuen. XV. mende amaieran halakorik egiteko asmoa agertu zen, baina ziurrenik beste arazo larriagoak edo beste interes batzuk izan ziren eta proiektua gauzatzeari uko egin zitzaion.
Baina portuaren gainbehera ere iritsi zen. Orduan zer?
Argi dago gure bizitza ez dela mugiezinezko kontua. Martxoaren 15etik bizi dugun egoerak ideia hori areagotu digula uste dut, egun batetik bestera zer jazoko den Jaungoikoak ere ez dakiela. Dena den, ez da gauza berria: gure amona zenak, egungo Maite tabernan lan egin zuenak, behin baino gehiagotan aipatzen zuen Madalena jaiak prestatzen ari zirela gerraren eta erreketeen gerturatzearen berri izan zutela;ondorioz, korrika eta presaka dena utzi eta ordura arte festa giro egoki bat prestatzeko buruan zuten lan guztia pikutara bidali zien… orduko madalenak, baita ondorengo 40 urteak ere.
Prozesu historikoak ekidiezinak dira, abiadura ezberdinetan izanda ere, era batera edo bestera jazoko dira; horri aurre egin edo nola moldatzean datza gakoa. Portuarekin beste horrenbeste gertatu zen. Gainbehera baino, honen urruntzeaz eta jardueren eraldaketaz hitz egin beharko genuke. Dena den, pixkanakako eta gorabeheraz beteriko prozesua izan zen, Lourdes Odriozolak ontzigintzaren inguruan ondo adierazi bezala. Egia da aurreko mendeetako oinarriak eraitsi egin zirela, baina zantzuak aldez aurretik ematen hasiak ziren. Edonola ere, Errenteriaren ekonomiak transformaziorako bideari ekin zion baita garai hartan ere, industriari leku eginez…
Manchester Txikia izena ez zuen debalde hartu.
Ez dut uste galdera hori erantzuteko pertsonarik aproposena naizenik; gaia sakonki eta primeran ikertu duen Miguel Angel Barcenillaren hitzak edo Jose Ramon Cruz Mundetenak egon beharko lukete hemen, nik asko jota printza xume batzuk besterik ezin ditut eman.
Argi dago XIX. mendearen erdialdean bideari ekin zion prozesuak, bertakoen ekimenez hasieran eta atzerriko kapitalarekin ondoren, hiribilduari —eta Pasaiako Badiako inguruari—ondorio sakonak ekarri zizkiola.
Modu positiboan ikusi den garapen ekonomiko eta industrialak berekin batera, osasun, higiene eta demografia arlotan ondorio latzak ere ekarri zituen. Demografia hazkundearen beharrak ez ziren berehalakoan bete, eta horrek bizi kalitatea nabarmen behera egitea ekarri zuen. Herrigunea zen biztanleriaren gorakada horri eusten ziona eta, hori dela eta, jendea erruz pilatu zen bertan, gaixotasunen eragin handiagoa ekarri zuelarik. Bestalde, lan baldintzek, lanaldi luzeak, adin txikikoen erabilera, eta horien, gizonen eta emakumeen arteko soldata arrakalak ere eman ziren. Garai latzak izan ziren, ezbairik gabe; zenbait gauza langileen etengabeko borroka gogor eta luzeak zuzendu zituen, baina beste batuk ez dira oraindik konpondu, eta lortutako hainbat, berriz, atzera bueltan datozela ematen du.
Bost kaleko herritik hamabost auzoko herrira.
Bai, zalantzarik gabe. Eraldaketa horrek guztiak zeharo itxuraldatu ditu Errenteria eta bere inguruak harik eta Erdia Aroan eta Aro Berrian itsasoak izan zuen paper garrantzitsua estali eta ahantzi arte. Dena den, garaian garaiko kontu eta prozesuak dira.
Askotan horretaz jabetzeak lan handiak ematen dizkigu. Duela 20, 50, 100, 500 edo 1.500 urteko kontuak egungo begiekin aztertzeko joera handia dugu; futbolean bezala, Historian mundu gutzia da entrenatzaile. Oso erraza da kalean eta sofaren goxoan gaudenok duela 300 urteko baserri bat bere horretan mantendu dadila eskatzea, Aralarko txaboletarako bideak dauden bezala gera daitezela eskatzea, edo orkatzak gure mendietan ikustearen bukolikotasunez gozatzea, baina, bertatik lan eta bizi direnek, beraien beharrak dituzte.
Berdin gertatzen da egunerokotasunarekin. Garai guztiek, beren behar nagusi edo lehenetsiak dituzte, eta mende haietan ez zituzten gaur egun ditugun abantaila teknologikoak edota gauzak beste modu batera egin eta ikustarazten laguntzen diguten tresnak izan. Dena den, ondarearen aurkako txikizioak ere aurrera darraiela ezin dugu ahaztu. Delirium Tremens taldeak salatzen zuen bezala, aurrerapenaren izenean denak balio du. AHTren —Abiadura Handiko Trena— aitzakiarekin, Ergobian dagoen Erbitegi baserri berezia eraitsi nahi izatea edo, gurera etorriz, Kapitain Etxeko labea porlanez estaltzea eta Santxo Enea 23ko armarria suntsitzea ez zen gaztelarren, frantsesen, Frankismoaren edo sunsuncordaren errua izan; egungo gizartean gertatu eta gertatzen diren ekintzak dira.
Bestalde, ondarea, Historiaurre, Erdi Aro edo Aro Berriari ez ezik, industria, teknologia edo trenbidearen garapenari ere lotu behar zaio. Garai ilunagoak, eta agian zikin eta zatarragoak gerta daitezke, baina finean gure iragana, zer ginen eta zer izan nahi dugun —edo ez dugun izan nahi— gorpuzteko berebiziko tresna dira.
Errenteriak, beste hainbat tokik bezala, galera nabarmena bizi izan du, baina zorionez badira zenbait arrasto eta horiek ezagutarazteko iniziatibak. Gainera, industria-ondare hori gugandik denboran gertuagoko errealitateen aztarna izaki, jendearen bizipenak balioan jartzeko aukera ematen digu, eta dokumentuek beraiek askotan azaleratzen ez dituzten ikuspegiak elikatzeko baliabide paregabeak dira.
Egia da, ondare guztia mantentzea ia ezinezkoa dela, baina zorionez, berrerabilerak eraisketaren aurkako alternatiba interesgarria dakar, Errenterian bertan ikus daitekeen moduan.
Egoera hori ere aurrerapenari, eta aldez aurretik egindako akatsei zor diogu. Finean, gehiago ikasten da ibilian, geldirik baino.
XIX. mendean heldu zen trena Errenteriara. Zer suposatu zuen horrek herriaren garapenerako?
Hemen ere, Miguel Angel Barcenillak nire lekua hartu beharko luke. Halako prozesu guztiek bezala, argiak eta ilunak ekarri zituen. Industrializazioa, komunikazioa eta garraioa areagotu, denborak laburtu eta aukera berriak eskaini zituen; baina gizartean ondorioak ere izan zituen eta tentsioak sortu. Alde horretatik, trenbidearen eraikuntza eta industrializazioaren hastapena estuki loturik daude. Halakoak, eragin handiko prozesuak dira, bereziki epe motzean, eta horrek, nahitaez, aurreko egoerarekin talka egin dezake.
Trena ere, bi aldeko txanpona izan zen, Gainera, oso lorratz bitxia utzi du bertsolaritzan. Gure kulturan horren errotua dagoen jardun hori Luzia Alberroren tesi gai izan da, iturri historiko moduan duen erabilgarritasuna aztertuz. Besteak beste, trenbidearen ingurukoak ere jo muga izan ditu, Txirritaren bertsoak eta Errenteriarentzako horren adierazgarria den Xenpelarrenak erkatuz.. Azken horren kasuan, garrantzia handiagoa dute, eraikuntzaren garaikideak zirelako, Txirrita gertu bazegoen ere.
Xabier Letek abestu zituen Xenpelarren bertso horiek ez zuten prozesua oso leku onean utzi, bereziki, lan egitera etortzen ziren frantziarrak. Txirritak dena positiboa ikusten zuena, errenteriarrak ilun baino ilunagotzat jotzen zuen; batek teknologiaren ona azpimarratzen zuen moduan, Xenpelarrek gizartean zuen eragin latza agerian uzten zuen. Agidanez, mota guztietako frantsesak etortzen ziren, eta berak herritik bota nahi, baina ezin. Batek baino gehiagok bertsoak lehen begiratuan irakurriko balitu, akaso, Salvini, Orban eta urrutira joan gabe dagoen bestelako jendilajearen pare jartzera iritsiko litzateke.
Zer du egungo Errenteriak garai bakoitzetik?
Historiak eta batez ere arkeologiak duten beste magia berezietako bat da hori, eta lehen aipatutako ondarearen kontuari heldu behar zaio hemen ere. Harrigarria da egindako triskantzak eginda, oraindik orain elementu adierazgarriak mantentzeaz gain, berriak ere azaltzea, Kapitain Etxeko labea, lekuko.
Txikizioak txikizio, nork daki zer ezusteko gordetzen dizkiguten lurzoruek edo baserri eta etxeetako ganbarek.
Lehen esan dugunez, asko galdu da, baina zorionez badaude zutik dirauten elementuak, bai ukigarriak direnak, baina baita ukaezinak ere. Orain bizirik dirautenen eskarmentu, esperientzia eta bizipenek gure begietara zeharo arrotzak egiten zaizkigun berri ematen digute, berebiziko informazio iturri dira. Horiei guztiei heldu beharra dago, herriaren iragana ezagutzera eman eta etorkizuna prestatzeko.
Etorkizunerako zein oinarri ditu Errenteriak?
Errenteriakoa ez den baten ikuspegitik, eta horrek dakarren ezjakintasunetik, Errenteria herri bizia da, eta hori da garrantzitsuena. Akaso ez dago duela hiru hamarkada arte zegoen gautxoririk, baina zalantzarik gabe, hamaika elkarte, ekimen, ospakizun eta ekitaldi ditu, bertakoen eta kanpokoen parte hartzea sustatzen dutenak.
Industriaren gainbeherari, 1980. hamarkadan drogek izan zuen eraginari eta politikan izan zuen izenari gailendu zaio, eta lasta hori botatzea ez da batere erraza izan. Erronka horri eustea da lan nagusia, bereziki, ditxosozko zomorroak gure bizitza baldintzatzen duen honetan.