Izurrite garaian ere, kutsadura kasuek ez dute etenik portuan
Ostiralean zamaontzi batek ekarritako hautsezko materiala Lezoko kaiaren inguruan "lurrez, airez eta itsasoz" zabaldu zela jakinarazi du Eguzki Talde Ekologistak.
Hautsezko material zuria, "airez, lurrez eta itsasoz" zabaldu zen Lezo Inguruan. Egungoa salbuespenezko unea bada ere, kutsadura kasuek kronikoak izaten jarraitzen dute Pasaiako Portuan. Hilaren 15ean (ostirala) gertatuko kasu baten berri eman du Eguzki Talde Ekologista eta Antinuklearrak. Lezoko kaian izan zen gertakaria; zamaontzi batek ekarritako hautsezko material asko ingurura zabaldu zen hura deskargatzen ari zirenean. Materialaren (hauts zuria) partikulak “airez, lurrez eta itsasoz” barreiatu zirela salatu du Eguzkik.
Pasaiako Portuan erregulartasunez gertatzen diren beste kutsadura kasuetako baino ez da izan. Egoeraren larritasunaz ohartarazteaz gain, erakundeei “nagusikeria” egotzi diete Pasaiako Portu Agintaritzari, Eusko Jaurlaritzari, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Pasaiako Udalari. Arazoaz jabetu eta neurriak hartzea eskatu dute Eguzkikoek, “nork ezin du ezjakintasuna argudiatu; izan ere, bideo eta argazki askok ematen dute behin eta berriz errepikatzen den egoera horren berri”. Hortaz, erakundearen iritziz errealitatearen aurrean neurriak hartzea saihestuz, administrazioek tximinoarena egiten ari direla diote, “ez ikusi, ez entzun, ez hitz egin”.
Osasunari eta ingurumenari eragin ahal dieten kutsadura kasuen aurrean, esku hartzea premiazkoa izaten jarraitzen du ekologistentzat.
