LGTBIfobiaren aurkako bidean, bidelagun ugari
LGTBIfobiaren Nazioarteko Aurkako Eguna izan zen atzo. Errenteria-Oreretako balkoi eta leiho ugaritan egin zuten bat aldarriarekin, eta ortzadar kolorez margotu udalerria eta konfinamendua hamarnaka herritarrek.
Ortzadar koloreko banderak balkoi eta leihoetan LGTBIfobiaren Aurkako Nazioarteko Egunean, iaz. Argazkia: LGTBI+ Mahaia LGTBIfobiaren Nazioarteko Aurkako Eguna izan zen atzo, eta horren harira, hainbat ekintza antolatu zituen aurretik zein egun berean Errenteriako LGTBI+ Mahaiak. Ostiralean eta larunbatean bi online hitzaldi zuzeneko antolatu zituen; Bulling LGTBIfobikoa Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxeetan goiburuarekin, hitzaldia egin zuen Enara Larrainek. Psikologia masterra egin eta EHUko Psikologia Fakultatean tesia egin zuen Larrainek: Bullying LGTBIfobikoa Euskal Herriko nerabeetan: prebalentzia, aldagai psikologikoekiko lotura eta eragina osasun mentalean.
Bigarren hitzaldia berriz, Homosexualitatearen despenalizazioa, 40 urte geroago goiburuarekin, Julen Zabala eta Gracia Trujillok eskaini zuten. LGTBIfobiaren Aurkako Nazioarteko Egunean berriz, LGTBI+ banderak jartzera gonbidatu zituen herritarrak LGTBI+ Mahaiak. Argi utzi zuen, gainera, LGTBIfobiaren aurka egitea ez dela solilik LGTBI+ kolektiboko kideen kontuan, gizarte osoarena baizik.
Badirudi mezua heldu dela Errenteria-Oreretako etxebizitzetara; atzo hamarnaka herritarrek egin zuten bat LGTBIfobiaren aurka eta bandera ortzadarra jarri zuten balkoi eta leihoetan batzuk, besteek irudimena erabili eta puxikez osatu zuten. Batean zein bestean, elkartasun irudi ederra atzo ere Errenteria-Oreretak utzi zuena konfinamendutik.
Keinu hori atzo bertan eskertu zuen LGTBI+ mahaiak, eta bidelagun guztiei “eskerrik koloretsuenak” eman dizkie. Keinu bat aske maite eta aske bizitzeko bide horretan izan da, ahaztu gabe, bide osoa egiteko oraindik ere urratsak egitea falta dela eta gizarte osoaren kontua dela.
Gaiaren gaineko erreportajea
LGTBI+ kolektiboa, LGTBIfobia, itxialdiak zein eragin izaten ari den kolektiboaren gain, eta ikastetxeetan kolektiboko kide diren nerabeek zein errealitatea aurkitzen duten azaltzeko erreportajea egingo du HITZA-k ostiral honetako papereko edizioan. Horretarako, Enara Larrain aditu, irakasle eta Errenteriako LGTBI+ Mahaiko kidearekin hitz egingo du HITZA-k.
