Grafitiak sortu duena ez du ezerk etengo
Aita-semeak, sanpedrotarrak eta grafitigileak. Ustekabean sortutakoa, afizio sakon bihurtu dute. Orain, geldirik daude Nexgraff osatzen dutenak.
Aitor eta Nextor Otaño, aita eta semea. Pasai San Pedroko grafitilariak dira, eta grafitian aurkitu dute elkarlanean aritzeko aukera. Nexgraff sinadura darabilte, Nextorren omenez. Zenbait urte daramate elkarrekin margotzen, eta grafitiari esker «momentu itzelak» pasa dituztela dio Aitorrek: «Nextorrekin oso ondo pasatzen dut margotzen. Denbora gutxian imajinatzen ez genituen gauza eder mordoa bizi izan ditugu». 2020ko Hitza-ren paretako egutegian maiatzeko protagonista dira biak.
Betidanik izan dute margotzeko grina. Aitorrek oroitzapen onak dauzka artearen munduan eman zituen lehen pausoez. «Margotzeko gustua betidanik izan dut. Txikitan San Pedron askotan margotzen nuen. Margolaria izan nahi nuen, baina azkenean ingeniaritza ikasi nuen. Ikasketak bukatutakoan Londresera ingelesa ikastera joatea erabaki nuen, eta han asko margotu nuen. Londresen nintzela, erakusketa bat ere egin nuen. Hori izan da inoiz izan dudan ekoizpen handiena. Bueltatu nintzenean irakaskuntzan sartu nintzen, pentsatuz arratsaldetan denbora librea izango nuela margotzeko. Baina azkenean 13 edo 14 urte pasa nituen margotu gabe».
Bien bitartean, Nextor gazteak ere artearekiko pasioa garatu zuen, eta hamahiru urte zituela grafitiak margotu nahi zituela esan zion aitari: «Nik ez nuen inoiz grafitirik margotu, ez nintzen mundu horretakoa. Hasiera batean ez nion kasu handirik egin, baina egia da oso ondo margotzen zuela».
Egoera erabat aldatu zen otañotarrentzat, ordea. Kaletik zihoala, Aitorrek Nex firma ikusi zuen margotuta, eta emaztearekin hitz egin ostean, zerbait egin behar zutela erabaki zuten. «Ez genuen nahi Nextor bere kabuz margotzen ibiltzea, batez ere arazoak saihesteko». Hori dela eta, ikastaro batzuetan eman zuten izena grafitiaren artean sakontzeko eta profesional baten ezagutzak bereganatzeko.
Hasiera
«Mikel Herrero grafitilariaren kontaktua eman zidaten, eta bere ikastaroetan eman genuen izena. Taldea osatzeko, gutxienez lau pertsona behar ziren. Nextorren bi lagun animatu ziren, baina laugarren pertsona bat behar zuten taldea osatzeko. Jakinda nik eramango eta ekarriko nituela autoan, ni neu animatu nintzen taldea ixteko», eutsi du Aitorrek.
Esperientzia oso ona izan zen haientzat, eta ordutik hona proiektu asko abiatu dituzte elkarrekin. Aitaren kasuan, urte askotako etenaldiaren ostean, margotzeko eta artearekiko grina eta gogoa berreskuratu zituen grafitiarekin. «Ordura arte koadroak margotu nituen oleo eta akrilikoarekin. Baina ikastaro haietan espraia probatu eta ikusi nuen emaitza apartak lor daitezkeela denbora gutxian. Ikaragarria iruditu zitzaidan».
Ez dira profesionalki dedikatzen grafitira, nahiz eta Nextorrek etorkizunean artista izan nahi duen. Momentu honetan, semea Batxilergo Artistikoko ikasketak egiten ari da, eta aita, irakaslea da. Aitorrek argi dauka gaur egun artista asko ziurgabetasun egoeran bizi direla, eta arteaz bizitzea oso zaila dela. Momentuz, Nextorrek artearekiko hautua egin du, eta aita hari laguntzen ahalegintzen da.
Estiloak eta proiektuak
Grafitian estilo ezberdinak landu daitezke, baina horietatik errealismoa da gehien lantzen dutena. «Pertsonen aurpegiak margotzea asko gustatzen zaigu, baina ez du esan nahi hori bakarrik egiten dugunik. Esaterako, Joxean Artzeri omenaldia egin genion zendu zenean. Mikel Laboaren heriotzaren hamargarren urteurrenean ere hura margotzeko ideia izan genuen, Artzerekin batera».
Grafitia batik bat kalean egin eta sortzen den artea da. Jakina da koronabirusak eragindako alarma egoerak bi hilabeteko itxialdi luze eta gogorra ekarri duela, eta honek guztiak ere grafiteroengan eragina izan du. Garai latzak izan dira, ez dute euren artea sortu eta gizartearekin elkarbanatzeko betarik izan. Etenaldi luzea betetzen ari dira, kalera margotzera atera ezinik. Egoera horren harira, artista askok proiektu ugari eten behar izan dituzte. Aitorrek onartu du eurentzat ere egoerak gogor jo duela. «Egoera nahiko gogorra izan da. Kalean margotzen dugu, eta ateratzeko debekuarekin ezin izan dugu ezer sortu».
Otañotarrek ere zenbait proiektu eten edo atzeratu behar izan dituzte pandemiarengatik. «Aurreikusiak genituen lan batzuk ezin izan ditugu egin. Proiektu batzuk hitz eginda genituen eta dena bertan behera gelditu da, momentuz». Dena den, pasatzen dena pasatzen dela, argi dute margotzen jarraituko dutela.
Aitor eta Nextorrek artea sortzeko bideak aldatu behar izan dituzte. Bi hilabete hauetan etxetik margotu dute, baina formatu handitik txikira pasa dira. Espraiak utzi, eta pintzelak eta akrilikoak erabili dituzte. Enkarguren bat ere egin dute, koadro eta erretraturen bat, baina eskaerak ikaragarri jaitsi dira.
Itxialdiak askorako eman dezake, eta artista asko dira etxetik sortu dutenak. Esaterako, Banksy artista britainiarrak osasun zerbitzuei eskainitako mural bat margotu berri du Southamptoneko ospitale batean. Aitorrek onartu du eurak ere margotzeko gogoz daudela, baina ez du koronabirusarekin lotutako ezer margotu nahi. «Gai honek nazkatuta nauka. Ez nuke gaiaz ezer margotuko».