Sei ate zabalik kultur aniztasunari
Nazioarteko Kultur Aniztasunaren Eguna izango da bihar. Errenteria-Oreretak bat egingo du egun horrekin, eta bosgarrenez, Errenterian 11 Kolore iniziatiba jarriko du martxan.
Nazioarteko Kultur Aniztasunaren Eguna izango da bihar. Errenteria-Oreretak bat egingo du egun horrekin, eta bosgarrenez, Errenterian 11 Kolore iniziatiba jarriko du martxan. Gaur egin dute agerraldia, online, Jose Ramon Gurrutxaga Txokolo, Aniztasunaren Kultura, Garapenerako Lankidetza eta Giza Eskubideak arloko zinegotziak, Samira Goddi arlo horretako udal teknikariak, GGKEetako ordezkariek, herriko ostalarien ordezkariek, Zazpi t´erdi produktorako ordezkariek, VEDI elkarteak, SOS Arrazakeria elkarteak eta Burubeltz aniztasunaren maskotak.
COVID-19ak eragindako osasun larrialdiak eta horrek eragindako konfinamenduak ospakizun, iniziatiba eta jaien ereduak birpentsatzera bultzatu ditu erakunde eta eragileak. Aurreko lau urteetakoa bezalakoa ez, baina aniztasunaren jaia izango du Errenteria-Oreretak aurten ere.
Herritarren “ondare komuna” zabaltzeko eguna izango da biharkoa, baina nazioarteko egun horretara ez mugatzeko eskatu du Txokolok, “aberastasun hori kultur aniztasunaren egunean ospatu eta zabaldu behar dugu, baina baita urteko gainontzeko egunetan ere, gure herriak duen ondarea da, altxorra, kultura eta hizkuntza aberastasun ikaragarria du gure herriak. Hori aldarrikatu, aitortu eta zabalduko dugu, gizakien biodibertsitatea”.
Kultura eta hizkuntza aniztasun hori pandemiak eragin duen egungo egoeran kokatu du Txokolok, “konfinamenduak eragina duelako eta herritarren arteko harremanak aldatzen dituelako. Asko dira sufritzen ari diren kolektibo eta arloak krisi honetan, eta horien artetik nagusi ez direnek, askoz gehiago ari dira sufritzen ongizate arrakala hori”.
Aurtengo ospakizuna mugatu du nolabait COVID-19ak edo behinik behin, baldintzatu. Horren harira, herriaren konpromisoa aitortu du Txokolok gaurko agerraldian, “erronka ikaragarria izan da egitaraua prestatzea, baina hala ere hamaika eragilek egin dute bat, eta eskertzekoa da ez delako batere erraza izan. Honakoa, gure herrian dagoen aniztasun horri topaguneak eskaintzea izango da eta horretan ari gara”. Hiritartasuna aldarrikatu du gainera, “beharrezkoa delako herritar oro eskubide guztien jabe izan dadin. Jatorria eta kultura zein den berdin dio, eskubidea eta aukera bermatu behar dizkiegu herritar guztiei”.
Prestatu duten egitarau bereziaren berri Goddik eman du. Plaza eta kaleen ordez, Herri Bizia izango du agertoki aurten, eta herritar guztiei begira egitarau ezberdin eta aberatsa atondu dutela nabarmendu du teknikariak.
Sei ate izango ditu Herri Bizia webgunean prestatu duten atalak. Ate horietako bakoitza zabaltzerakoan aniztasun mundu bat azalduko da parez pare; ate bakoitzak bere eskaintza izango du. Urteroko klasiko bat mantendu dute 11 zapore iniziatiba. Aurten ezingo dira pintxoak dastatu taberna ezberdinetan, eta horren ordez, argazki bidez zabalduko dituzte sortutako pintxoak. Urtero bezala, kontinente eta herrialde desberdinetan oinarritu dira, eta denera, hamahiru tabernek hartuko dute parte.
Berrikuntza
Aniztasuna ospatzeko moduan berrikuntzekin dator Errenterian 11 Kolore, baina proiektu berriak ere sortu dituzte aurten. Horietako bat da 11 etxe eta kolore. Herriko DBHko Koldo Mitxelena, Cristobal Gamon eta Telleri Alde ikastetxeetako gazteek argazkiak eta mikroipuinen kontakizunak landu dituzte eta erakusketa sortu. Hilaren 21etik aurrera, ostirala, gainontzeko herritarrak parte hartzera gonbidatu dituzte. Webgunean dago horretarako informazio guztia.
Beste berrikuntza, Zazpi t´erdi produktorak sortu duen film laburra da. Pandemia, haurrak eta aniztasuna lotzen ditu Leiho guztiak, leiho bakarra filmean eta egun oso batez Errenteria-Oreretako bost familiek elkarlanean filmatu dute dokumental hori, egunerokotasuna, bizipenak eta gogoetak erakutsiz.
Errenteria Munduan, Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeek egiten duten lana ezagutzeko leihoa izango da aurten ere; argazki galeria baten bidez egingo dute. Bestalde, etxetik aniztasunarekin gozatzeko, munduko jolasen, filmen eta liburuen bilduma eskegi dute Herri Bizia webgunean. Egin zaidazu bisita abestiaren bideoklipa eta karaokea ere eskura jarri ditu udalak, gainera ate horietako batean.
Burubeltz
Ez da kalejiran aterako, musika eta jendez inguratuta, baina Burubeltzek kalea hartuko du aurten ere. Zehazki, asteazkenetik, herriko lau biribilgunetan izango da.
Ekintza berezi gisa, herritarrei online solasaldiak eskainiko dizkiete bihartik aurrera. Gonbidatu berezi bat izango da 11 Zapore ekimenaren egunean, Najat Kaanache sukaldari euskal-marokoarra izango da asteazkeneko saioan.
Solasaldien egitaraua:
- Bihar, asteartea: Errenteria Munduan Gobernuz Kanpoko Erakundeekin mahai ingurua, 19:00etan.
- Etzi, asteazkena: 11 Zapore herriko ostalariekin eta Najat Kaanachekin solasaldia, 19:00etan.
- Etzidamu, osteguna: Leiho guztiak, leiho bakarra film laburraren estreinaldia. Ondoren solasaldia film laburraren zuzendariarekin eta aktoreekin eta Ecocinema Mexikoren parte hartzearekin, 19:00etan.
- Hilak 22, ostirala: 11 etxe eta kolore Proiektuaren koordinatzaileekin solasaldia, 19:00etan.
Solasaldi horiek guztiak ikusteko lotura honetan sakatu. dagokion eguna eta orduan.