Emakumeek zein leku hartu zuten industrializazioan?
Hamar egunez, egun bakoitzeko galdera bat erantzungo du Miguel Angel Barcenilla Lopez historialari eta ikerlariak. 700 urte bete ditu aurten hiribildu eratu zenetik Errenteriak, eta Barcenillak industrializazio garaiko zehaztasunak emango ditu. Herriaren historian murgiltzeko azalpen interesgarriak eman ditu historialariak, Errenteria nondik datorren eta nora doan ulertzeko lagungarriak. Honakoa, bosgarrena.
Hamar egunez, egun bakoitzeko galdera bat erantzungo du Miguel Angel Barcenilla Lopez historialari eta ikerlariak. 700 urte bete ditu aurten hiribildu eratu zenetik Errenteriak, eta Barcenillak industrializazio garaiko zehaztasunak emango ditu. Herriaren historian murgiltzeko azalpen interesgarriak eman ditu historialariak, Errenteria nondik datorren eta nora doan ulertzeko lagungarriak. Honakoa, bosgarrena.
Olibeten emakume asko azaltzen dira lanean irudietan. Emakumeei helduta, zein leku hartu zuten industrializazio garaian?
Postalak egiten zituztenez baditugu irudiak eta batez ere, agertzen dira paketeak egiten zituzten lekuan edota galletak kaxetan sartzen, emakume asko zebilen horretan. Ez zen bakarrik Olibeten, Fabrika handian emakume gehiago ziren gizonak baino. Errenteriako lantegi gehienetan emakume kopuru handia zegoen.
1861ean esan dugu 900 langile inguru zeudela herri osoan, eta horietatik, 361 emakumeak ziren, langileen %40 fabrika guztiak aintzat hartuta emakumeak ziren. 1903an, sektore anitzetan hedatuta zegoen industrian 479 emakume langile ziren fabriketan, %40 ere. Hamar langiletik lau emakume ziren, ia parekoak ziren.
Gero, pixkanaka, portzentaje hori jaisten joan zen, batez ere, iritsi zirenean metal edo burdin fabrika gehiago, metal arloan ez zebilen hainbeste emakume. 1930ean, errepublika baino pixka bat lehenago, %25 zen emakumeen kopurua fabriketan.
Esan dezakegu herriko industrializazioaren hastapenean, ia emakumeen kopurua gizonen parekoa zela fabriketan. Horri gehitu egin behar diogu, beste emakume batzuk etxetik kanpo lan egiten zutela: neskame asko zegoen, arropa garbitzaile soldatapekoak ere baziren arropa jaso eta latsarrira joaten ziren garbitzera, baziren dendetan eta taberna batzuetan ere lanean. Bitxia da gizarte horietan emakume horiek ikusezinak direla; herriko emakumeen erdia lanean ibili zen, etxetik kanpoko lanetan, alegia, baina imajinario sozialean emakumeak zeuden bere etxetan bere familia zaintzen bakarrik, etxeko lanak egiten.
Zergatik izan daiteke hori?
Egia da bai estatua, baita erlijioak, eta mediku askok ere presionatzen zituztela emakume horiek etxera itzul zitezen. Diskurtso ofizialak zioen ez zela egokia emakumeak horrela ibiltzea, elizarentzat immorala zen ibiltzea kalean bakarrik gizonen zaingorik gabe; estatuak nahi zuen emakumeak erreprodukzio lanetan bakarrik aritzea, gizon indartsu eta osasuntsuak emateko, eta halako lanetan emakumeak ahuldu egiten zirela zioten, lantegietan osasuna galtzen zutela.
Oso arriskutsua zela familia osoaren osasunarentzat hala ibiltzea emakumeak esaten zuten.
Gizon langileek ere presioa egiten zuten emakumeak etxera itzultzeko. Esaten zuten soldatak jaisten zituztela. Emakume batek gizon batek baino askoz gutxiago kobratzen zuen, gizonek kobratzen zuten soldataren erdia baino pixka bat gehiago jasotzen zuten. Presioak herrian ez zuen eraginik, baina diskurtsoan eta emakumeen irudi sozialean bai. Hoberena emakumeak etxean egotea zela zabaltzen zuten, eta horretarako ikusgarritasun handia eman zieten etxeko emakumeei; eredua emakume burgesak edo erdi mailakoak ziren, etxean zeudenak, eta irudi hori gureganaino heldu da.
Fabriketako langileen ia erdiak emakumeak zirela esaten dudanean jendea harrituta gelditzen da. Egia da Frankismo garaian etxera bidaltzen zituztela emakumeak ezkondu orduko, eta askoz gehiago handitu zen irudi hori eta murriztu fabriketako emakume langileen kopurua, baina dena den, nahiz eta hainbeste emakumek fabriketan lan egin gure imajinarioa oraindik era izan da industria gizonen gauza zela, gizonekin lotzen dugu; baina Fabrika Handian, Linon, askoz emakume gehiago ziren lanean gizonak baino.
Laneran ere hala izan zen edota Olibeten, galleteran.
Emakumeek fabriketako lanean zergatik jarraitu zuten ulertzeko hainbat arrazoi azaldu behar dira. Lauzpabost pertsonako familia batean beharrezkoa zen, soldata batekin, gizonena, justu zeukaten elikadura ordaintzeko. Oso zaila zuten hortik aurrera etxea ordaindu, arropa eta jantziak erostea eta bar. Beharrezkoa zen askotan haur batek edo emakume batek lan egitea gizonezkoaren soldata osatzeko edo laguntzeko.
Bigarren arrazoia da, enpresentzako oso errentagarria zela emakumeak lanean hartzea. Izan ere, soldata erdia ordaintzen zuten lan berbera eginez, eta askotan, produktibitate handiagoa zuten. Adibidez, ehungintzan, liho edo artilean orokorrean emakumeek ehungailu mekanikoak erabiltzen zituzten, eta gizonek manualak, pisutsuagoak zirela eta. Mekanikoak erabiltzeko abilidade handiagoa zuten emakumeek, eta beren produkzioa, emakume batena soldata erdia kobratuz, gizonarenaren bikoitza zen arlo batzuentzat. Patroiek nahiz eta bere diskurtso politikoa edo morala beste bat izan, emakumeak kontratatzen zituzten.
Beste aldetik, Errenterian bazegoen emakumeen lanaren aldeko beste ezaugarri bat, kontsumo arloko industriak ziren orokorrean, janaria, ehungintza, alpargatak… lan horiek, lehenago, industria hasi aurretik, artisautza garaian, etxeko lanak ziren, eta emakumeekin lotzen ziren; ez zen ikusten hain arraroa, beraz, emakumeak aritzea ehungintzan edo elikagaiak prestatzen, alpargatak josten eta halakoetan. Askoz zailagoa zen ikustea emakumea burdinoletan, berun lantegian, adibidez, beruna eta zilarra egiten zuten kaputxinoetan, bakarrik gizonak aritzen ziren.
Baina emakumeen ekarpena ez zen horretara mugatu. Etxetik kanpo lana egin orduko, batzuetan hamar orduz baino gehiago, etxea mantentzeko lana, umeak haztea eta heztea, familiaren zaintza eta arta, guztioi arreta egitea, bere lana zen. Erreprodukzio lan ikusezina zein nekea zen hau, baina ekonomia hori aurrera ateratzeko oinarrizkoa eta ordezkaezina, eta emakumeek bete zuten.