72 pertsona gehiago lanik gabe Oarsoaldean maiatzean
72 pertsona gehiago lanik gabe Oarsoaldean maiatzean. Iazko maiatzarekin alderatuz gero, 801 pertsonak galdu dute lana azken hilabeteetan.
Lanbidek esku artean dituen datuen arabera, maiatzean 72 pertsona gehiago daude lanik gabe Oarsoaldean, apirileko azken egunarekin alderatzen bada. Maiatzaren 31n 3.782 ziren Oarsoaldeko lau herrietako langabeak, apirilaren 30ean 3.710 ziren bitartean. Langabezia tasa %10,39koa da; apirilean %10,19koa zen.
2019ko maiatzarekin alderaketa egiten bada, duela urtebete baino 801 pertsona gehiago daude lanik gabe eskualdean. Orduan 2.981 ziren Lanbiden izena emandakoak, %8,3ko tasarekin.
Gipuzkoan, langabezia tasa altuena duten zerrendan bosgarrena da Oarsoaldea, Bidasoaren (%13,53ko tasa), Deba Barrenaren (%12,67), Donostialdearen (%11,23), eta Urola Garaiaren (%10,86) atzetik.
Gipuzkoan orotara 38.317 pertsona daude lanik gabe azken datuen arabera, tasa orokorra %10,93koa dela. Iazko maiatza bukaeran 29.933 ziren langabeak, eta tasa %8,66koa zen.