Antzerkiaz etxetik goza daiteke
Oiartzun Aurrea boluntario sareko kideek antolatuta, hiru saioko antzerki telematiko gidatuak eskaini dituzte Oier Guillan antzerkigilearen eskutik.
Itxialdi garaian ere antzerkiaz goza daitekeela erakutsi dute oiartzuarrek. Elkarlana sustatuz, Oiartzunen boluntario sarea jarri zen martxan konfinamenduan, Oiartzun Aurrea, eta egoera honen aurrean, herritarrek proposamenak egin zituzten bakoitzak zer eskaini zezakeen ikusteko.
Hor azaldu zen Oier Guillan antzerkigilearen proposamena, itxialdi garaian ere antzerkiaz gozatu ahal izateko. «Honakoa bezalako egoera zailetan ezinbestekoak dira herritarren arteko elkartasun sareak. Nire kasuan, egiten dakidana aipatu nuen, literatura eta antzerkigintzan nabilen heinean. Aukera ezberdinak pentsatzen aritu ginen, eta taldean hitz egin eta gero, iruditu zitzaigun aukera polita izan zitekeela telematikoki gidatutako antzerkiak eskaintzea. Funtsean, irakurle taldeen sistema bera erabili dugu telematikoki antzerkiaz hitz egiteko. Irakurle taldeetan liburu bat irakurri eta komentatzen da. Kasu honetan, euskarazko hiru obra hartu genituen ikusi eta aztertzeko».
Guillanek abiatutako proiektua hiru saiok osatu dute, eta bakoitzean euskarazko antzerki bana ikusi eta landu da. Maiatzaren 7an hasi zen egitasmoa, Dejabu konpainiaren Gure bide galduak obrarekin. Ondoren, beste bi saiok jarraitu zioten lehenari. Hilaren 14an, Hikaren Koaderno zuria obra landu zen, eta 21ean Ze Onda antzerki taldearen Heriotza bikoitza.
Literatura kluben antzera, antzezlan bakoitzaren amaieran mahai-inguru telematiko moduko bat sortu zuten, ordubetez obraz hitz egin eta norberak bere iritziak plazaratzeko. Eztabaida horietan, bi ildo nagusi jorratu zituztela dio Guillanek. «Astean zehar etxeko lan modukoak bidaltzen nizkien antzezlana ikusterakoan gauza batean edo bestean erreparatzeko. Batik bat, bi ildo jorratu ditugu. Batetik, antzerki mota ezberdinak ezagutu ditugu, eta bestetik, bertan lantzen ziren gai sozialen inguruan mintzatu gara. Hiru antzerkiek gai sozialak tratatzen dituztenez, aitzakia izan dira gizarteko gaiez ere hitz egiteko».
Jakina da koronabirusak eragindako larrialdi egoerak gizartean gehien kolpatu duen alorretako bat kultura dela. Antzerkia izan da eragin horiek gordinen jasan dituen arte diziplinetako bat, antzokiak eta gainerako emanaldietarako eremuak itxita egon baitira. Ezinezkoa izan da emanaldiak publikoarekin egitea, hortaz, telematikoki landu dira hiru antzezlanak. «Nik uste dut, orokorrean, denek nahiko nekatua bukatu dugula telematikoki lan egiteaz, baina era berean bere funtzioa bete du. Momentuan erabiltzeko baliabide egokia izan da».
Jendea elkartzeko
Oiartzunen aurrera eraman den iniziatiba honek antzerkian jarri du fokua, besteak beste. Guillanen aburuz, antzerkia bultzatzeaz gain, egitasmoa aitzaki egokia izan da jendearen artean elkartu eta sozializatzeko, eta balorazio positiboa egin du aurrera eraman den proiektuaz. «Kultura oso kolpatua izaten ari da krisi honetan. Orain argi geratu da kulturaren balioak gizartean zein diren. Alde batetik, horrelako iniziatibek herritarren artean sozializatzen laguntzen dute, eta bestetik, modu bat da gogorarazteko kulturaren garrantzia. Kasu honetan, antzerkiarena. Antzerkiak ikusteko aitzakiarekin, hiru aste pasa ditugu solasean. Antzokiak itxita egon direnez, modu bat izan da antzerkiaren inguruan biltzen jarraitzeko. Azken finean, egitasmo hauen helburua da kultur ekimenaz harago ekimen sozial eta elkartasunezko bat bultzatzea. Elkar topatzen eta sozializatzen jarraitu dugu antzerkiaren bitartez, polita izan da».
Ikusleak
Hiru aste hauetan antzerki gidatuak jarraitu dituen ikusleetako bat Elias Arizmendi da. Antzerkizaletzat du bere burua, eta pertsonalki, oso esperientzia aberasgarria izan da etxean egonik antzerkiaz gozatu ahal izatea. «Niretzat luxu bat izan da antzerki telematikoak jarraitzea. Ez dut beste hitzik. Oso egitasmo polita izan da. Antzerkizalea naiz, eta enteratu bezain pronto, izena eman nuen. Antzerkia pantaila bidez jarraitzea eta askotan grabazio kaskar bat ikustea ez da gauza bera, baina gutxienez, ikusteko aukera izan dugu. Elkarren artean komentatzea luxu bat izan da, ikaragarri gozatu dut. Hiru saio egin ditugu eta motz geratu zaizkit. Gehiago egitea proposatu dut».
Oiartzungoak oihartzun handia izan du. Publikoarentzat harrera ona izan duen egitasmoa izan da, eta eztabaidetara begira, gonbidatu berezi batzuek hartu zuten parte solasaldietan. «Maiatzaren 14ko saioan, adibidez, Hika antzerki konpainiako Koaderno zuria obra landu genuen. Hikakoek jakin zutenean antzerki hauek antolatu genituela, euren burua eskaini zuten foroan azaltzeko. Agurtzane Intxaurragak hartu zuen parte, eta aukera izan genuen obraz berarekin zuzenean hitz egiteko. Oso esperientzia polita izan da», konfirmatu du Guillanek.
Kultura bultzatzen
Azken asteetan ikusi da kulturak gizartean duen inpaktua, eta argi geratu zen konfinamenduaren hasieran eginiko kulturaren greban gizartearentzat ezinbestekoa dela. Kulturak entretenitzeko balio du, baina entretenimendu hutsaren gainetik, kultura behar sozial bat ere badela zehaztu du Guillanek.
«Kultura behar sozial bat da, ez da entretenimendu industria hutsa. Kulturak itxialdian entretenitzeko balio izan digu, baina sozialki duen garrantzia baloratu behar dugu. Honek guztiak balio beharko luke ikusteko kultura jendea batzeko, aktibo mantentzeko, itxaropena sortzeko eta mezuak zabaltzeko elementu bat dela, ez dugu bakarrik entretenimendu gisa bezala ulertu behar», azaldu du sortzaile errenteriarrak.