«Auzotarrak multzo trinkoa ginen garai hartan, bat eginda geunden»
Auzo elkarteetan aritu diren ehunka herritarren lana ezinbestekoa izan da Errenteria bizigarri bat eraikitzeko. 700. urteurrenean, ohorezko lekua eta aitortza merezi duten zalantzarik ez da.
Gabierrotako Laguntasuna elkartearen sorrera bizi zuen bizilagunetako bat zara. Noiz erabaki zenuen auzoaren alde lan egiten hastea?
Gabierrotara duela 60 urte heldu nintzen bizitzera, 1960. urtean etorri nintzen auzora bizitzera, etxebizitza bertan erosi genuen ezkontzeko. Auzora heldu ginenean ohartu ginen ez zegoela baldintza egokietan. Ez zegoen ezertxo ere prestatuta; pentsa, espaloirik ere ez genuen heldu nintzenean bertara. Senarra eta biok beti izan gara jendea laguntzearen aldekoak, elkarlanaren aldekoak eta auzoan zer egin zitekeen pentsatzen hasi ginen.
Auzotarrak elkartu, eta ikusi genuen garbiketa lanak egitea genuela auzoa duintzeko, baldintzak hobetzeko bederen, eta horretan hasi ginen buru-belarri. Oraindik sortu gabea zen auzo elkartea, 1968ko apirilean sortu zen. Ordurako, baina, hainbat auzotar hasiak ginen lanean, mugitzen auzoa hobetzeko, gero eta gehiago ginen gainera.
Auzotarrek abiatutako lanketa horretatik sortu zenuten, beraz, Laguntasuna elkartea?
Auzo elkartearen sorreraren atzean nire alabaren istripua dago. Esan dudan moduan, auzoan ez zen ez espaloirik ez ezer, eta tailer asko zeuden etxe azpitan; kamioi bat atzera egiten hasi, kolpatu, eta bertan hil zuen. Bi urte eta erdi zituen. Elkarrekin gindoazen, aste osoa etxetik atera gabe eman genuen, Aste Santua zen eta eguraldi ikaragarri txarra egin zuen; gurasoen etxera gindoazen bazkaritara. Aurretik zihoan semea, haren atzetik alaba txikia, eta nire eskutik bigarren alaba. Geldirik zegoen kamioiak atzeraka egin zuen, eta bete-betean harrapatu zuen.
Auzoa berehala mobilizatu zen, eta dagoeneko hasitako lanetan sakontzen hasi ginen.
Zein lan egiten zenituzten auzotarrek?
Hasteko, Oiartzun ibaia auzo parean garbitzen hasi ginen, arratoi ugari zegoelako bertan. Garaian mojen bidea deitzen zena garbitzen hasi ginen ondoren, oso estua zen, eta hura zabaltzen aritu ginen auzotarrak.
Lan jardunetik kanpo egiten genituen horiek, larunbat arratsaldetan eta igandetan. Gizonak aritzen ziren hainbat lanetan, eta auzoko emakumeak, berriz, otorduak prestatzen aritzen ginen, baita garbiketa lanetan ere. Hortik abiatuta hasi ginen auzoa egiten.
Jaien antolaketan orduak eta orduak eman ditugu, bestalde, lanketa zabala egin zen arlo horretan.
Gabierrotako jaiak, nork ez ditu gogoan, madalenak beraiek baino ospetsuagoak izatera heldu ziren ia garai onenetan.
Bai, hala izan zen. Gainera, zoro moduan ibiltzen ginen auzoan muntatutako agertokiak-eta desmuntatzen garaiz itzultzeko, hilaren 18rako madalenetarako muntatzen hasi behar zuelako udalak. Etxez etxe joaten ginen dirua biltzen, txosna jartzen genuen, oso aktiboak ginen eta lan handia egin genuen jaien arloan ere; jaietako txosnaren bidez lortutako diruarekin auzoko zaharren egoitza martxan jartzea lortu genuen. Aurrerago, jubilatuen egoitza udalari saldu, eta gazteentzako lokala erosi genuen. Horretaz aparte, auzoarena den gimnasioa ere badugu, ez da udalarena, gurea baizik, guk lortutakoa. Lan asko egin dugu, auzoarentzat errekurtsoak lortzeko, eta helburua bete.
Nola oroitzen duzu 1960. hamarkadako Errenteria, nolakoa zen zuen auzoa?
Iritsi nintzenean Gabierrotan lau etxe zeuden, ez zegoen besterik. Ur putzu handi bat zegoen, eta zelai bat. Lan handia egin genuen, lau etxe haiek, urbanizatutako eremu hura, auzo bihurtzeko. Lehenengo parkea egin genuen, futbol zelaia, eta pixkanaka aurrera egin genuen.
Bizilagunen arteko elkartasuna ikaragarria izan zen, bat ginen guztiak auzoaren aldeko lanketa horretan, aldarrikapenak egiteko garaian, batasun handia zegoen. Denak berdinak ginen garai hartan, handiak eta txikiak, ez zen besterik begiratzen, ez zen bereizketarik, denok batera gindoazen gauzak ongi egitera, edo saiatzera behintzat.
Errenteriako gainontzeko auzoetatik ezberdina zen Gabierrota garai hartan?
Oso ezberdina zela oroitzen dut. Biteri kalean bizi nintzen, ezkondu arte, gurasoekin. Santa Luziako erreziboen kobratzailea zen aita, eta harekin joaten nintzen batzuetan; oroitzen dut Galtzarabordara igotzeko zein malda zeuden, edota Ondartxora joateko zenbateko buelta eman behar izaten zuen; ez zegoen biderik. Orain erabat ezberdina da. Batzuetan jendearekin elkartu eta esaten didate Errenteria ez dela hainbeste aldatu. Ez da egia, ikaragarri aldatu da, Beraun non gelditzen zen garai hartan? Izugarri aldatu da dena, oso ezberdina zen.
Auzoak eta auzotarren bizitza hobetzeko, duintzeko kasu asko-askotan, ezinbesteko gakoa izan zarete auzo elkarteak. Zein garrantzia izan zuen auzo elkarteen lanak 1960. hamarkadatik 1990. hamarkadara arte?
Nire ustez auzo elkarteak ezinbestekoak izan dira auzotarren bizitza duintzeko eta auzoak auzo egiteko; garrantzi ikaragarria izan dute. Gogoan dut auzoan telefono kabina jar zezaten eskatzeko egin behar izan genuen bide luzea. Pentsaezina da gaur egun hainbesteko lana eman izana telefono kabina triste bat auzoan jartzea. Gobernu Zibileraino joan behar izan genuen.
Farmazia jartzea ere eskatu genuen, auzoan bertan izateko, eta etxebizitzaz etxebizitza joan behar izan genuen auzo guztian barrena sinadurak biltzen botika jartzeko baimena lortzeko. Borroka handia egin genuen, lan handia inbertitu auzoan.
Garai hartako linea autobusetako gidariren batek ez du Gabierrota oso goxo oroituko…
Hori ere izan genuen. Linea autobusa Zumardian gelditzen zen, baina Gabierrotan ez, eta auzoan geldialdia egiteko eskaera egin genuen.
Igande batekin izan zen. Hainbat auzotar autobusetara igo eta gidariari esan zioten Gabierrotara joateko. Zazpi autobus ekarri zituzten auzora. Denbora asko generaman geltoki bat eskatzen bertan, eta baiezkoa emana baziguten ere, ez zen sekula heltzen; beste biderik ez zuten utzi. Auzotarren borrokarekin lortu genuen.
Auzotarrak multzo trinkoa ginen, bat eginda geunden garai hartan, izugarria izan zen.
Gaur egun auzotarren arteko harreman hori ez dago, ezta?
Aldatu egin da, ez dauka zerikusirik orduko garaiarekin. Auzotarrak ongi moldatzen gara gure artean. Jende gazte asko dago egun, eta ezberdina da, beste aire bat arnasten da, beste giro bat dago, ez da lehengokoa. Lehen bizilagunen arteko batasuna askoz ere handiagoa zen gaur egunekoa baino. Beste garai bat da, eta beste modu batekoa da dena.
COVID-19ak eragin duen osasun larrialdiak eta konfinamenduak ez du aldatu hori, ez da auzotarren arteko harremana berreskuratu?
Beno, baliteke zertxobait estutu izana harreman hori. Nire etxeak auzo erdialdera ematen du, ez ibai aldera, eta leihoa zabaltzerakoan pareko etxean bosgarren pisuko bizilaguna baino ez nuen ikusten. Hiru urte daramatza bertan bizitzen, eta denbora horretan ez dut inoiz ezertarako ikusi.
Berrogeialdian, leihora ateratzerakoan eskuarekin agurtzen ninduen… zertxobait aurreratu dugu bada. Egia da beste bi bizilagunek bere burua eskaini zidatela laguntzeko edozer behar banuen edo; ezetz esan nien, alaba eta bilobaren artean laguntza nahikoa dudalako.
Berrogeialdian pena handia izan dut; ez dut aukerarik izan besteak laguntzeko, ohituta nago hala egiten, besteak laguntzen ahal dudan neurrian. Auzo elkartean hala aritu naiz, eta orain auzoko jubilatuekin ari naiz.
Auzoan lanean jarraitzen duzu.
Bai, hala da, batean edo bestean aktibo mantentzea gustatzen zait. Laguntze hori asko gustatzen zait, barrutik bizi dut eta beharrezkoa dut, gainera.
1960. hamarkada hartan, berriro atzera eginda, gogoan duzu harremanik ba ote zenuten beste auzoekin?
Ezin dizut esan, ez dut gogoan, eta gainera nire lana auzora mugatzen zen, bertako baldintzak hobetzera. Udalarekin ere ez dugu arazorik izan inoiz, materiala eskatzen genuen, denak batera ibiltzen ginen auzotarrak, eta alde horretatik ere ondo moldatu izan gara beti.
Hamabost auzo ditu Errenteriak eta bakoitzak du bere auzo elkartea. Nola ikusten duzu egun mugimendu hori, bizilagunena, alegia?
Nik gure auzoaz hitz egin dezaket, errealitate hori ezagutzen dudalako. Gure kasuan, oso geldituta egon da auzo elkartea. Hirigintza arloan lanean jarraitu da, hiruzpalau pertsona aritu dira horretan.
Orain, jende gazteak osatutako batzorde berria du auzo elkarteak, eta ilusio handiarekin lanean aritzeko prest dira. Gertatutakoa gertatuta, baina, osasun larrialdia eta, ez dakigu zer gertatuko den. Ilusio handia dugu, hala ere, jende gaztea da hasi dena, eta oinarri sendoak dituzte lanerako. Beraietako asko auzoa hobetzeko lanean aritu ginenon seme-alabak dira.
Auzoek ez dituzte garai batean zituzten beharrak gaur egun?
Asko aldatu da egoera, ez du zerikusirik ordukoarekin. Edozer gauza behar izatekotan udalean berehala eta oso modu onean hartzen zaituzte.
Zein eragin izan du zuen lanak egungo Errenterian?
Handia. Errenteriak izugarri egin du hobera. Auzo elkarteek lortu genuen udalak auzoen oihuak entzutea, garai hartan ahaztuta gintuztelako; gure lanari esker, auzo elkarteei esker, lorpen handiak izan ditu Errenteriak.
Ezinbestekoa izan da horretarako bizilagunen arteko batasuna, elkar eginda aritzea; hori izan da esperientzia horrek lortu duen handiena, bizilagunen arteko elkarlana.