Herritarrak erabakitzera deitu ditu Gure Esku elkarteak
Plazak eta kaleak berreskuratzeko unea heldu dela iritzita, horretara deitu dituzte herritarrak bizi dugun eta datorren krisiari Euskal Herritik erantzutera, hain zuzen ere.
Erabakitzera deitu dituzte herritarrak Gure Esku elkarteak eta Hamaika Gara iniziatiba osatzen duten eragileek. Plazak eta kaleak berreskuratzeko unea heldu dela iritzita, horretara deitu dituzte herritarrak bizi dugun eta datorren krisiari Euskal Herritik erantzutera, hain zuzen ere. Erabaki burujabeak aldarrikatuko dituzte igandeko iniziatiba berri eta berritzailearen bidez antolatzaileek, eta nabarmendu dute, hemendik aurrera hartu beharreko neurriak, zehaztu beharreko bideak, bertan eta herritarren parte hartzearekin gauzatu behar direla.
Erabaki burujabeen espazioa zabalduko dute horretarako Zumardian igandean, eta bertan bilduko dituzte herritar bakoitzak kartoi edota kartulina batean idatzita eramango duen aldarrikapena; bakoitzak berea, nahi duena. Horretarako aukera izango dute hiru orduz, 11:00etatik 14:00etara. Jende pilaketak eta elkar kutsatzeko arriskua saihesteko neurri zorrotzak hartuko dituztela jakinarazi dute antolatzaileek.
Jasotako aldarrikapen anitz horiekin guztiak elkarren ondoan jarrita, irudi indartsua osatu nahi dute. Hori lortzeko, baina ezinbestekoa da herritarren ekarpena eta parte hartzea, “garrantzitsua da denek parte hartzea, bakoitza bere aldarrikapenarekin, eta horretara gonbidatzen zaituztegu”.