Ikastola eguna egingo dute larunbatean
Orain arteko jaien ezberdina izango da, larunbatean (hilaren 6an) ospatuko dutena, baina merezi moduan egingo dute jai giroa ikastolako komunitatea osatzen dutenek.
Urtero ekaineko lehen asteburuarekin Ikastola Eguna ospatzen du Orereta Ikastolak, eta aurten ere ospatuko du. Orain arteko jaien ezberdina izango da, larunbatean (hilaren 6an) ospatuko dutena, baina merezi moduan egingo dute jai giroa ikastolako komunitatea osatzen dutenek.
Elkargunea aldatuko da, jende pilaketak ez ditu baimentzen koronabirus garaiak, eta hortaz, arduratsu jokatu eta online egingo dute ospakizuna, Orereta Ikastolaren webgunean. Ikasle, guraso, aiton-amona, izeba-osaba, ikasle eta guraso ohi, bazkide edota langile, “den-denak gonbidatuta zaudete, apuntatu hitzordua zuen agendan”.
Aurtengo egitaraua beste urteetakoa baino xumeagoa dela azaldu dute, “baina mimo, ilusio eta maitasun beraz prestatu dugu”. Antolatu duten egitarau hori osatzeko, familia edota lagun taldetxo guztiak Orereta IKastolako kamiseta jantzi eta topa egitera gonbidatu dituzte, “atera argazkiak eta bidali helbide elektronikora, hilaren 5a (ostirala) baino lehen”.
11:00etan hasiko da online jaia lehendakariaren ongietorria eta ikasleen agurrarekin. Ordubete geroago berriz, Haur Hezkuntzako ikasle eta irakasleen argazki bilduma ikusteko aukera paregabea izango dute, eta 14:00etan bazkalorduko topa birtualaren txanda helduko da. Lehen Hezkuntzako ikasle eta irakasleen argazki bilduma ikusteko parada helduko da 16:00etan, eta DBHko ikasle eta irakasleena ordubete geroago.
18:00etan agurra egingo dute, eta iragarri dutenez, sorpresa txikia ere prestatu dute.