Koldo Mitxelenaren kurtso amaierako jaia, online
Koldo Mitxelena ikastetxeak larunbatean egingo du kurtso amaierako festa. Ez ohiko egoera bizi dugun honetan, ez ohiko jaia izango da antolatu dutena ikasturteari agur esateko, baina moduak modu, jaia egin egingo dute aurten ere, oraingoan online.
Koldo Mitxelena ikastetxeak larunbatean egingo du kurtso amaierako festa. Ez ohiko egoera bizi dugun honetan, ez ohiko jaia izango da antolatu dutena ikasturteari agur esateko, baina moduak modu, jaia egin egingo dute aurten ere, oraingoan online.
Urtero koadro batean oinarrituta idazlana prestatzen dute ikasleek, eta gero taldeetan eskulana horren gainean. Aurten ez da posible taldekako lan hori, baina banaka egin dute lanketa eta larunbateko jairen bidez emaitza erakutsiko du herri ikastetxeak. Jacob Brostrup margolari danimarkarraren lan bat aukeratu du aurtengo jairako; natura, hiria, espazioen arteko fusioa eta hausnarketari zabaldutako atea da koadroa. Ikasleek koadroak iradokitzen dietena bildu beharko dute idatziz, baita eskulana egin ere. Jaiaren online formatuan emaitza ikusteko aukera izango dute.
Dantza ere egiten dute urtero, baita aurten ere etxetan egin badute ere eta bakarka. En Tol Sarmiento taldearen Aukera berriak kantuaren gainean aritu dira ikasleak. Ikasleen bideoak jaso ditu ikastetxeak eta bilketa horren emaitza aurkeztuko dute larunbatean. Kanta bera ere, ezin egokiago egungo egoeran.
10:00etan hasiko dute online jaia agurrarekin, eta ordu erdi geroago erakusketa martxan izango da web orrian. Etxeak apaintzeko tartea ere hartuko dute 11:00etan, eta 12:00etan aurkeztuko dute ikasleen dantza. Jai preziatu guztiek dute topa txokoa, eta honek ere izango du, 13:00etan. Eguneko argazki edota bideoa aukeratu eta whatsappera bidaliko dute azkenik; 690 302 578 telefono zenbakira bidali behar dituzte.