Ohiko udalekuak berrasmatzen ari dira, zaintza beharrari erantzuteko
Ohiko udalekuak ezingo direnez egin, beste zerbitzu bat eskaintzeko prestatzen ari dira. Hala ere, ziurgabetasunak beteta daude.
COVID-19aren eraginez, uztaileko udalekuak bertan behera gelditu dira. Horrela jakinarazi du Nekane Martiarena udalekuetako arduradunak, Oiartzun Irratiari emandako elkarrizketa batean. 400dik gora haurrek emana zuten izena.
Ohiko moduan ezin direnez egin, Oiartzungo Udalak beste zerbait eskaintzea du esku artean. Larrialdi zaintza zerbitzua eman nahi dute, haurrak zaindu ezin dituzten gurasoei zuzenduta. Hala ere, oraindik ez da ziurra hori ere eskain dezaketenik.
Eusko Jaurlaritzaren protokoloen zirriborroak dioenez, zaintza zerbitzu hori eskainiz gero, 200 haur baino gutxiagori eskain diezaiekete zerbitzua.
Murrizketa hori beharraren arabera egin nahi dutela jakinarazi dute udalekuetako arduradunek. Horregatik, gurasoei galdetegi bat bidali diete, benetako beharra duten familiak identifikatzeko. Beren kabuz molda daitezkeen familiei mesedez eskatu diete gainontzekoei tokia uzteko. Zerbitzua erabiltzen ez dutenei dirua itzuliko diete.