[Galeria] Dena erabakitzeko prest daude
11:00etatik 14:00etara herritar mordoa bertaratu zen Zumardira, segurtasun eta higiene neurriak bermatuta, bere aldarrikapena idatzita eskutan. Aldarrikapen mosaiko ederra osatu zuten guztiek.
Gure Esku elkarteak eta Hamaika Gara iniziatiba osatzen duten eragileek, erabaki burujabeen espazioa zabaldu zuten atzo Zumardian. Erabakitzeko eskubidea aldarrikatu zuten atzoko iniziatiba berritzaile eta berriaren bidez; Euskal Herritik erantzuteko aldarria lau haizetara zabaldu zuten, eta aurrerantzean hartu beharreko neurriak, zehaztu beharreko bideak, bertan eta herritarren parte hartzearekin gauzatu behar direla esan.
11:00etatik 14:00etara herritar mordoa bertaratu zen Zumardira, segurtasun eta higiene neurriak bermatuta, bere aldarrikapena idatzita eskutan. Aldarrikapen mosaiko ederra osatu zuten guztiek: euskararen alde, bertan erabakitzeko eskubidearen alde, pentsio duinen alde, hezkuntza publikoaren alde, euskal presoen eskubideen eta larri gaixo dauden etxeratzearen alde, aniztasunaren alde eta arrazakeriaren aurka, LGTBIfobiaren aurka, errefuxiatuen alde, borroka feministaren alde, zaintzaren aldeko aldarria… Finean, den-dena erabaki nahi dutela esan dute herritarrek, bertatik, auzoetatik, herritik, Euskal Herritik… beraien parte hartzea ezinbestekoa dela argi utzita. Dena erabakitzeko prest daude.
Ondoko argazkiak Gure Esku Errenteria-Oreretak, Beñat Irasuegik eta Xabier Gartziak Facebook bidez zabaldutakoak dira.