[Aurrerapena] Ciudadanosen mitineko protestengatik 23 lagun auzipetu dituzte
Ordena publikoaren kontrako eta hauteskunde delitua egozteko zantzuak egon daitezkeela dio epaileak.
Ciudadanos alderdiak Errenteria-Oreretan egin zuen mitinaren harira izan ziren protesten instrukzioa egiten ari den epaileak, auzipetu egin ditu ikertzen ari diren 23 lagunak. Horiei, ustez ordena publikoaren kontrako eta hauteskunde delitua egozteko zantzuak egon daitezkeela dio epaileak. EITBk eman du albistea bere web orrian.
Joan den urteko apirilaren 14an egin zuen mitina Albert Riverak orduan gidatzen zuen alderdiak Foru Plazan. Lazo horiz beteta esnatu zen egun horretan plaza hori, Kataluniari keinu egiteko, eta herritar ugari bildu ziren Riverari berari eta bere alderdiari ez zirela ongi etorriak esateko. Joan den urteko maiatzean jakin zen ikerketa abiatu zuela fiskaltzak, mehatxu, irain edo gorroto deliturik egin zuten argitzeko. Ikerketa horren oinarrian, berriz, Albert Riverak Ciudadanoseko garaiko buruak aurkeztutako salaketa. Salaketarekin batera, hainbat argazki eta bideo aurkeztu zituen froga modura, eta antza, horietan azaltzen diren lagunek jaso zuten auzitegira joateko zitazioa.
22 lagunek deklaratu zuten pasa den abenduaren 2an eta 3an. Donostiako instrukzioko 4. zenbakiko epaitegiak hartu zuen beregain auzi hori.