Onintza Ostolaza: "Hasieratik zentzugabea izan da 23 lagun horiek inputatzea"
Gaur jakin da Ciudadanosek Errenteria-Oreretan egin zuen mitinaren harira izandako protestengatik instrukzioa egiten ari den epaileak 23 lagun auzipetu dituela.
Gaur jakin da Ciudadanosek Errenteria-Oreretan egin zuen mitinaren harira izandako protestengatik instrukzioa egiten ari den epaileak 23 lagun auzipetu dituela. Guztiei, hauteskunde delitua eta ordenu publikoaren kontrako delitua egotzi die. Garai hartan Albert Rivera buru zuen Ciudadanos alderdiak mitina eman zuen Foru plazan iazko apirilaren 14an, eta protesta egin zuten hamarnaka lagunek horren harira. Protestengatik salaketa jarri zuen Riverak berak, eta egun hartako bideoak eta argazkia aurkeztu proba gisa. Abenduan deklaratu zuten gertakari horien harira ikertzen ari ziren 23 lagunek.
Onintza Ostolaza eta Aiert Larrarte abokatuak ari dira 23 lagun horien defentsa lana egiten. Ostolazak azaldu duenez protokoloaren parte da instrukzioa daraman epailearen erabakia, “artxibatzea zuen edo aurrera egitea, eta ikertutako 23 laguni delitu berak egotzita aurrera egin du”.
Orain hamar eguneko epea zabaldu da; epe horretan fiskalak eta akusazio partikularrak beren eskaerak egin beharko dituztela zehaztu du abokatu oiartzuarrak, “esan behar dute honekin aurrera jarraitu nahi duten, hau da, ahozko epaiketaren fasea ireki nahi duten edo ez, eta zehaztu behar dute, horrela baldin bada, zein delitu egozten dioten auzipetu bakoitzari”.
Guztien kontrako akusazioa bertan behera uztea litzatekeela logikoena defentsako abokatuen ustez esan du Ostolazak, “zaila izango da, ordea”; hori egin ezean, gutxienez bereizketa egitea litzatekeela normalena uste du, “ikusita, 23 horien artetik batzuk izan duten parte hartze exkaxa. Gutxienez, gehienak kanpoan utzi beharko lituzkete”. Defentsak hori espero duela esan du abokatuak.
Beste agertoki posible bat, fiskaltzak gauza bat eta akusazio partikularrak beste bat eskatzea litzateke Ostolazaren esanetan, “irizpide ezberdinak egon daitezke, ikusiko dugu zer gertatzen den”.
Instrukzio epaitegiak amaitu du bere zeregina eta orain Ciudadanos alderdiaren abokatuek, akusazio partikularrak, alegia edo fiskaltzak aurrera egitea erabakitzen badute, egozten dituzten delituak zehaztu eta beste fase bat irekiko litzateke, eta auzia epaituko duen epaitegira iritsiko da.
Epailearen erabakiak ez dituela sorpresaz hartu bera eta Larrarte azaldu du Ostolazak, “gehiegikeria bada ere, ez da sorpresa izan. Ez da zentzuzkoa erabaki hau, baina hasieratik da zentzugabea 23 lagun horiek ikertu gisa inputatzea deklaratzeko”.