Abisatu zuen Erik Gartziak
Gogor saiatzen ari da Erik Gartzia Egunean Behineko jokoaren 700+euskaraz taldean sailkapeneko lehen postuetan kokatzeko
Gogor saiatzen ari da Erik Gartzia Egunean Behineko jokoaren 700+euskaraz taldean sailkapeneko lehen postuetan kokatzeko. Berriz ere, bera izan da irabazlea. Hala jakinarazi du taldearen sustatzaile den Lau Haizetara Euskaltzaleen Topaguneak bosgarren asteko irabazleen izenak eman dituenean. Podiumean ohorezko lekua izateko lanean aspaldi hasi zen oreretarra, baita lortu ere.
Jokoaren bosgarren astean azkarrena eta jakintsuena izan da; auskalo zoriak ere esku hartu duen, hori berari galdetu beharko diote gainontzeko lehiakideek. Momentuz bere hegemonia ezarri duela dirudi, eta antza ez da prest amore emateko.
551,78 punturekin sailkatu da Gartzia lehenengo; bigarren saria, Urrurentzat izan da, 349. postuan sailkatu da azken hori 354,20 puntu lortuta. Trukean, Zituene Pasta Obradore artisau kooperatibako produktuak jaso dituzte bi irabazleek.
Lau Haizetara elkartearen 700+ euskaraz taldearekin bat egin nahi dutenek Egunean behin aplikazioa jaitsi behar dute Google Playtik edo App Storetik, eta C3737B kodea sartu. Hortik aurrera, euskaraz taldean jokatzen gozatzeko aukera izango dute. Azkarrenek, Gartziaren moduan, saria jasoko dute, baina baita zortea lagun duten beste batzuek ere.