'Bertatik Bertara', bisitariei euskara badela erakusteko
UEMAk turismo arloan aritzen diren establezimenduentzako kanpaina martxan jarri du. Bertako, hizkuntza, produktuak eta ekonomia sustatu nahi dituzte.
UEMAk Bertatik Bertara izeneko kanpaina jarri du martxan. Oiartzunen zein gainontzeko herri euskaldunetan egongo da indarrean, udan. Helburua izango da bertako hizkuntza, bertako produktuak eta bertako ekonomia sustatzea, eta bisitariei horiek guztiak erakustea.
COVID-19ak oporretarako moldea aldatu duela eta, bertakoa aintzatesteko aukera ona dela uste du UEMAk. Kanpaina horretan parte har dezakete turismo arloan egiten duten establezimenduek: ostalaritzaren esparrukoek, lotarako tokia eskaintzen dutenek…
Datorren astean aurkezpenak egingo dituzte, telematikoki. Asteartean (hilak 16) eta ostegunean (hilak 18) izango dira saio horiek. Egun bakoitzean bina aurkezpen izango dira: 10:00etan eta 17:00etan.
Izena aldez aurretik ematea eskertu dute. Horretarako, UEMAren e-posta helbidera mezu bat bidali beharko da. Whatsapp bidez ere jar daiteke harremanetan, 633 64 69 96.