Ostiralean hasiko da 'normaltasun berria'
Ostiralean hasiko da 'normaltasun berria'. Iñigo Urkullu lehendakariak iragarri du gaur goizean. Mugikortasunean izango du eragina batik bat fase berriak.
Iñigo Urkullu lehendakariak gaur goizean jakinarazi du Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban ostiralean agortutzat emango duela osasun alarma egoera, eta normaltasun berria izenekora pasatuko direla Hego Euskal Herriko hiru herrialde horiek. Hortaz, Bidasoa eta Oarsoaldea ere fase berri horretara joango dira.
Ostegun goizean bilduko da Jaurlaritzako Gobernu Kontseilua, eta, azken orduko aldaketarik ez bada, ostegun eta ostiral arteko gauerdian amaituko da hirugarren fasea Araban, Bizkaian, eta Gipuzkoan. Kontseiluan, Osasun Sailaren txostena aztertu eta egoera berrian indarrean izango diren neurriak zehaztuko dituzte.
Alarma egoera indargabetzen bada, herritarrek posible izango dute Kantabriara (Espainia) joatea. Lehendakariaren arabera, «euskal herritar askok dute bigarren etxebizitza han, eta interesgarria izan daiteke asteburu honetan normaltasun irudi hori ematea». Nafarroara mugitzeko, gutxienez, astelehenera arte itxaron beharko dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanleek; han, indarrean jarraituko du alarma egoerak ordura arte.
Alarma egoera indargabetuta ere, Urkulluren ustez, «ezer ez da konfinamendua ezarri baino lehen bezala izango, eta ezer ez da berdina izatera itzuliko». Espainiako Gobernuak joan den astean onartu zuen «normaltasun berria» arautuko duen dekretua: Hego Euskal Herrian aurrerantzean ere derrigorrezkoa izango da, besteak beste, maskara erabiltzea, eta metro eta erdiko tartea mantentzea. Neurriak indarrean egongo dira txertoa aurkitu bitartean.
100 eurorainoko isunak ezarriko ditu dekretuak, batez ere leku publikoetan metro eta erdiko distantzia errespetatu ezin eta maskara ez darabiltenentzat. Autoan ere maskara jantzita ibiltzen jarraitu beharko dute bertan doazenek, etxe berean bizi ez badira behintzat.