Pasaiako udal gobernua "noraezean" doala dio EH Bilduk
Pasaiako zinegotziek kargu hartu zutenetik urtebete igaro dela, balorazio adierazpena egin du Pasaiako EH Bilduk. "Proiektu zehatzik gabe" jarraitzea egotzi die PSE eta EAJri.
Urtebete da Pasaiako Udalbatza osatu zela. EH Bildu alderdi bozkatuena izan arren, PSE eta EAJren azken orduko akordioak, Izaskun Gomez jarri zuen berriz ere alkatetzan aurreko legealdiko koalizioa berretsiz. Udal gobernu hura, “gobernu programarik” gabe jaio zela nabarmendu du Pasaiako EH Bilduk, eta ordutik, “noraezean eta proiektu zehatzik gabe jarraitu” dutela.
Politikagintzan, gehiago eskatu diote udal gobernuari: “Karguak banatu zituzten, baina hortik aurrerakoak ez dituzte gehiegi zehaztu, are gutxiago gauzatu”. COVID-19aren pandemia iritsi aurretik, egindako lanaren defentsa egin dute abertzaleek. Portuko hustuketa-lanen eragina leuntzeko proposamena, “haien ekimenez” adostu zela oroitarazi dute. Herritarren antolakuntzatik jaiotako ekimenak babestearen alde agertu dira ere, adibidez, Antxoko Tren Geltoki berriaren plataformarena.
Erakundeen arteko negoziazioetan maila eman dutela iritzi dute Pasaiako EH Bildun, Donibaneko ur hondakinen kudeaketa jarri dute eredu gisa: “Saneamendua finantzatu ahal izateko bulkada EH Bilduren eskutik gorpuztu zen Batzar Nagusietan, eta udal aurrekontuan agertzeko gure eragina erabakigarria izan zen”. Saneamendua bezala, San Pedroko lonjarena eta beste obra batzuk martxan jartzeko beharraz ohartarazi dute.
COVID-19aren pandemiak, premia berriez jabetzea eragin duela diote, hala nola, osasuna, zaintza eta elikadura burujabetasuna. Premia horiek herriaren zenbait behar agerian utzi dituzte: “Adinberri adinekoen zahar egoitza berriaren obra ezin da gehiago atzeratu, eta kudeaketa publikoak bukatu behar du azpikontratazioarekin”. Adinberri eraikitzeko, herriko merkatariei babesa emateko edota kultur jarduera bultzatzeko, “akordio zabalak egiteko prest” agertu da EH Bildu.
Hilabeteak dira abertzaleek lankidetza gehiago eskatzen diotela PSE eta EAJri, Pasaia “aldundiaren, portuaren eta Madrilen aurrean defendatzeko”. Orain arte, ordea, beste bidetik joan izana egotzi diete bi alderdiei, besteak beste Udal Finantziazio Funtsaren murrizketarekiko izandako jarreragatik. %20 murriztuko dira Pasaiako Udalaren diru sarrerak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren murrizketaren ondorioz. Eskua, baina, luzatuta mantentzen dute. “Pasaiak dituen egiturazko arazoei herri gisa erantzun behar diegula sinistuta gaude”, dio EH Bilduk.
Pandemiatik etorritako elkarlana goraipatu du koalizioak, eta pozik daude adostutako lorpenekin. Hala ere, herriko eragileekin batera jardutea ezinbestekotzat dute, “ezin dugu ulertu eta ez dugu babesten ostalari, merkatari, boluntario edota jai batzordeen bizkarretara aritzea, eta ez dugu uste herritarrek ere ulertuko dutenik”. Koronabirusak ekarritako krisi ekonomikoaz gain, Pasaiaren berezko krisialdiari aurre egiteko “denek bat egitea” da EH Bilduren formula.