50.000 euroko kontsumo bonuak, Pasaiako ekonomia suspertzeko
Guztira 5000 bonu kaleratuko dira. Bonu batek 20 euro balioko ditu eta 30 euro arteko erosketak egin ahalko dira Pasaiako komertzioetan, uztailaren 15etik urriaren 31ra arte.
Oso larria izan den egoera sanitarioaz harago, COVID-19ak dakarren krisi ekonomikoak gizarte osoa joko du ere bai. Tokiko merkataritzarena, sektore kaltetuenen artean izango da. Haiekiko eta pasaitar guztiekiko konpromisoa sendotze aldera, Pasaiako Udalak kontsumo bonuak kaleratuko ditu, Laurak Bat Pasaiako Merkatari eta Ostalari eta Zerbitzuen Elkartearekin elkarlanean.
Pasaia bonuak programara 50.000 euro bideratzea aho batez adostu dute Pasaiako Udalbatzan ordezkaritza duten lau talde politikoek. Bonuek talde guztien oniritzia jaso izana nabarmendu du Izaskun Gomez alkateak, “uste dut oso garrantzitsua dela udal talde guztiak ados jarri izana, krisi honi aurre egiteko neurrietan”.
Guztira, 5000 bonu egingo dira; bakoitzak 20 euroko balioa izango du eta horiek erabiliz 30 euro arteko erosketak egin ahalko dira Pasaiako komertzio, taberna eta jatetxeetan. Udalak bonu bakoitza 10 eurorekin lagunduko du, falta den diru kopurua osatzeko. Programa honen bitartez, tokiko jarduera ekonomikoa “babestu eta indartu” nahi dutela diote udaletik. Laurak Batek eta Zerbitzuen Elkarteak egingo dute bonuen kudeaketa.
Kanpaina, uztailaren 15etik urriaren 1era izango da indarrean eta espero da Pasaiako kaleak “bizi-bizi mantentzen” laguntzea. Programarekin bat egitea ala ez, hautazkoa izango da komertzioentzat. Baina parte hartu nahi badute honako baldintzak bete beharko dituzte:
- Negozioa itxi, ala jarduera ekonomikoa murriztu izana, COVID-19aren ondorioz.
- Jardun ekonomikoa, produktu eta zerbitzuen salerosketan oinarritzea.
- Jendaurreko salmentarako establezimendua Pasaian egotea, eta Pasaiako udalerrian ordaintzea JEZ.
- Gehienez ere 10 langile arteko enpresa txiki ala ertaina izatea, eta 1.000.000 euro baino gutxiagoko etekinak izatea.
Establezimendua itxi, ala jarduera ekonomikoa murriztu dutenek, haien egoera egiaztatu beharko dute; COVID-19aren ondorioz aldi baterako enplegu erregulazioko espedientearen egiaztagiria edota autonomoentzako aldi baterako jarduera eten izanagatik ezohiko prestazioa erakutsita (CATA).
Dokumentu horiek aurkeztu ezean, egiaztatuko da 2020ko apirileko fakturazioa gutxienez % 75 murriztu dela, 2019ko irailetik 2020ko otsailera bitarteko hileko batez bestekoarekin alderatuta. Eskaerak Pasaiako Udalaren Erregistro Elektronikoan, Herritarren Arreta Zerbitzuan (HAZ) edo Laurak Bat elkartearen bulegoetan egingo dira.
Dena den, hainbat sektore kanpaina honetatik kanpo geratu dira, esaterako ostalaritza, elikagai dendak, farmaziak, joko eta apustu aretoak eta estankoak.