'Normaltasun berrian' errespetatu beharreko neurriak
Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapenerako eta Azpiegituretako sailburuak, 'normaltasun berrian' koronabirusa kontrolpean mantentzeko neurrien xehetasunak eman ditu gaur.
Kofinamendu luze eta arintze fase guztiak igarota, ostiralean (hilaren 19a) hasiko da normaltasun berria Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian. Normaltasuna bai, baina ez erabatekoa, segurtasun neurri bereziak hartzen jarraitu beharko dela iragarri baitu Lakuak.
Aro berrian murgiltzeko bi egun falta direla, agerraldia egin du Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapenerako eta Azpiegituretako sailburu Arantza Tapiak, normaltasun berrian koronabirusari aurre egiteko neurrien xehetasunak emateko. Neurri horiek, Bizi Berri programaren baitan diseinatu dira.
Oinarrizko segurtasun neurriei dagokienez, aldaketarik ez. Normaltasun berrian musukoen erabilera eta eskuak maiz garbitzea funtsezko izaten jarraituko du, eta egoera askotan beharrezkoa. Gainera, pertsonen artean metro eta erdiko segurtasun tartea zaindu beharko da uneoro.
Dena den, neurri berriek aldaketak eragingo dituzte hainbat sektoreetan. Hona hemen esanguratsuenak.
- Garraio publiko guztiak %100era martxan izango dira, funikularrak eta igogailu publikoak barne. Guztietan musukoa jantzita eraman beharko da beti.
- Gune erlijiosoek %75era mugatuko dute gehienezko jende kopurua. Espazio itxietan egiten diren beilatokietan 30 lagun parte hartu ahalko dute gehienez eta espazio irekietan 65. Hilberri bati azken agurra emateko taldeak, gehienez 75 lagunez osatuko dira.
- Ezkontzak ohiko espazioetan egin ahalko dira berriz ere, baina tokian tokiko segurtasun neurrietara egokituz.
- Dendetan eta merkataritza guneetan ez da jende kopurua mugatu beharko, metro eta erdiko tartea mantentzeko aukera bada. Aldiz, partekatutako espazioetan edukiera %60ra mugatuko da. Kaleko postu eta azoketan ere, %60koa izango da gehienezko edukiera.
- Antzeko neurriak ostalaritzan, eta elkarteetan. Bezero kopuruari berezko mugarik ez, baina %60ra mugatuko da aisialdirako partekatzen diren espazioetan. Horiez gain, buffetak ireki eta Cocktailak antolatuko ahalko dira, bi kasuetan, 25 lagunentzat gehienez.
- Hoteletan mugarik ez, partekatutako espazioetan badira ere.
- Artxibo eta liburutegietan, maileguak egiteaz gain, aretoetan ikerketak eta bestelakoak egin ahalko dira, betiere edukiera %60ra mugatuz.
- Kultur ekitaldietan, ohiko segurtasun neurriekin batera, bertako profesionalen jarraibideei kasu egin beharko zaie uneoro eta eserita egon beharko da, ez zutik. Kultur aretoetara ere joan daiteke, betiere bertako neurri zehatzak errespetatuz.
- Kanpoan egiten diren kirol jardueretan, 1000 lagun izan ahalko dira gehienez une berean. Itxietan berriz, 300. Dena den, kontutan hartu behar da kopuru horiek %60ko gehienezko edukierara egokitu behar direla.
- Diskotekak eta dantzalekuek aldaketak egin beharko dituzte. %60ko edukieraz gain, dantzarako espazioetan mahaiak jarri beharko dira.
- Haur parkeak zabalduko dira aspaldiko partez. Tartea ohi baino handiagoa izan beharko du; 4 metro koadro erabiltzaile bakoitzarentzat.
- Hondartzetan jende pilaketak ekidite aldera, udalek eta foru aldundiak, edukiera edo denbora mugak ezarri ahalko dituzte.