'Normaltasun berriaren' lehen onura Lezon: bihar zabalduko dituzte haur parkeak
'Normaltasun berriaren' lehen onura Lezon: bihar zabalduko dituzte haur parkeak. Udalak oroitarazi du arduraz jokatu behar dela, jende pilaketak saihestuz.
Gaurko (osteguna) gauerdian jarriko da indarrean ‘normaltasun berria’. Lezon ordu horretarako ez, baina biharko bai iritsiko dela horren lehen onura: haur parkeak zabalduko dituzte. Lezoko Udalak iragarri du berria. Hala ere, udalak oroitarazi du ezinbestekoa izango dela zentzuz jokatzea, segurtasun neurriak betez.
Izan ere, osasun larrialdi egoera ezarri baino lehentxeago itxi egin zituzten parke horiek, ikastetxeak ixtearekin batera, infekzio foku izan zitezkeelakoan. Hori horrela, zabaltzearekin batera, udalak ziurtatu du egunean bitan desinfektatuko dituztela haur parke horiek udaleko langileek.
Udalak berretsi du erantzukizunez eta arduraz jokatu beharra dagoela haur parkeetan, jende pilaketak saihestuz, eskuak maiz garbituz eta ahal den neurrian segurtasun distantzia mantenduz: Eusko Jaurlaritzak gaur bertan zabaldu duen dekretuan zabaldu du, haur parkeetako erabiltzaile bakoitzak lau metro koadroko eremua behar duela segurtasun zonalde modura.