Begirada anitzek jositako erakusketa
Erakusketa berezia zabaldu du berriro Jantziaren Zentroak bere beheko solairuan: Origen. Zabalagoa bada ere, oinarrian Nongoa naiz? Del mundo proiektua du. Azken hori Emausek eta Errenteriako Udalak elkarlanean egindako proiektua da, joan den urteko urritik abendura bitartean.
Interkulturalitatea lantzea zuen helburu, ehunka puntada eta askotariko begiradak biltzea jantzi bakarra osatzeko. Elkarren ondoan bizi diren pertsonak, bizilagunak, ezkaratzean edo espaloietan gurutzatzen direnak, baina elkarren berri ez dutenak harremanetan jarri nahi zituen; gerturatze interkulturala zen, finean, bilatzen zuena, eta gaitasun, ezagutza eta esperientzien trukean oinarrituta elkar aberastea.
Eta helburua bete duen zalantzarik ez da; ezezagunak ziren emakumeak, ezagun bihurtzeaz harago, lagun dira egun. Errenterian elkartzen dira, eta hitz egiten dute beraien artean.
Hiru hilabetez egin zuten proiektua. Helburua betetzeko bidea, berriz, hiru jantzi tradizional jostea elkarrekin: euskal jantzi tradizionala, Ukrainakoa eta Arabiakoa. Hiru jantzi horiek pasa den larunbatean Jantziaren Zentroan ateak zabaldu dituen erakusketaren osagarri dira. Antzeko proiektua da Origen: AEG Donostiako moda eskolako ikasleak, Emigrados Sin Fronteras, Ukraina-Euskadi elkartea, MEXkadi Etxea kultura elkarte mexikarra, eta Guardabarranco Grupo de Baile elkarteetako kideekin elkarlanean egi bihurtu dute. Gipuzkoako Foru Aldundiak lagundu du proiektua.
Traje bakoitzak istorio bat
Emauseko teknikari eta sormen saileko arduraduna da Iban Bujan. Azaldu duenez, parte hartzaile guztiek lau saio egin zituzten: «Elkarteetako kideek azaldu zuten beraien istorioa, nola heldu ziren Euskal Herrira, beraien ohiturak zein diren, beraien herrietako jantziak ekarri zituzten, kultura ezagutzeko eta partekatzeko».
Moda ikasleek, horiek entzunda jantzi tradizionalak birsortu behar zituzten, berrasmatu, eta hori gainera Emaus fundazioak emandako bigarren eskuko oihal eta elementuekin: «Hamabost minutu izan zituzten behar zituzten oihal eta elementuak hartzeko Emausek Donostian dituen bi dendetatik. Joko gisa planteatu genuen bilketa hori».
Proiektuaren emaitza Europa eta Afrikako hainbat herrialdetako hemezortzi jantzi dira; istoriadun jantziak, bakoitzak berea duelako oinarrian. 25 ikasle eta hainbat sortzailek, eta elkarteetako hamar lagunek hartu dute parte proiektuan.
Harremanetan jarri
Beraien artean zerikusi gutxi duen jendea harremanetan jartzea lortu dute proiektuarekin, Bujanen hitzetan, baina ez hori bakarrik: «Elkarteetako ordezkariek bizi esperientzia kontatu dute, zergatik etorri ziren beraien herriak utzita, nola aurkitzen diren bertan, nola hartu dituzten». Emaitzarekin pozik daude, baita bidearekin zein erakusketa berarekin ere. «Elkarteetako kideek beraien herrietako jantzi tradizionalak ekarri dituzte, eta oso polita izan da beraientzat ikustea ikasleek nola berrasmatu dituzten, birziklatutako elementuekin gainera». Erakusketa ez da soilik jantziz osatu, horiek sortzeko prozesua ere bildu dute, «benetan polita da ikustea nolakoa izan den prozesu hori».
Uztailaren 5era arte bisita daiteke erakusketa. Doakoa da, eta COVID-19ak eragindako egoeraren harira hainbat neurri hartu ditu Jantziaren Zentroak ere bisitarien eta bertako langileen osasuna bermatzeko. Hala, eraikinaren edukiera %50era murriztu dute bisitarien arteko bi metroko distantzia errespetatu ahal izateko. Origen erakusketa ikustera doazenen kasuan, hamabost lagun egon ahalko dira batera gehienez beheko solairuan. Sarreran gel hidroalkoholikoa egongo da bisitari guztientzako, segurtasun distantzia ezarriko da sarrerak saltzeko mahaiarekiko, eta eraikineko garbiketa handitu egingo da.
Ohiko ordutegia
Bisitak ohiko ordutegian egingo dira: larunbatetan 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, eta igandeetan 12:00etatik 14:00etara.
Origen erakusketa eta goiko solairuetako erakusketa iraunkorra bisitatzeko, ez da beharrezkoa aurretiko hitzordua eskatzea. Bai, ordea, bisita gidatuen kasuan, horietan gehienez 20 laguneko taldeak hartuko dira, eta guztiek maskara jantzita eraman beharko dute. Bisita gidatua erreserbatzeko bi bide daude: bata, Oarsoaldeko turismo bulegora deituta (943 49 45 21); eta bestea, posta elektronikora idatzita.
Mostra zergatik bisitatu behar den galdetuta, berehala erantzun du Bujanek: «Erakusketa bitxia da, halako jantzi tradizionalak ikustea ez da ohikoa, are gutxiago moda munduko sortzaileek eta ikasleek berrasmatuta. Prozesua bera eta lortu dutena ikustea oso polita da. Are gehiago: birziklatuta gauza ugari egin daitezke, baita jantziak berrasmatu ere».