Ostalaritza eskaintza, Skura
Ostalarien sarea indartu, beraien eskaintza modu errazean lehen lerrora eraman eta herritarrekin harremanetan jartzeko helburua duen mugikorrerako aplikazioa aurkeztu dute gaur. Jan Gou APPa da, eta Skura Mobile Kooperatiba Elkartea dago atzean.
Ostalarien sarea indartu, beraien eskaintza modu errazean lehen lerrora eraman eta herritarrekin harremanetan jartzeko helburua duen mugikorrerako aplikazioa aurkeztu dute gaur. Jan Gou APPa da, eta Skura Mobile Kooperatiba Elkartea dago atzean. Elkarlanean eta mimoz sortutako proiektua da, eta Ostari elkartea eta Errenteriako Udala izan ditu ezinbesteko konplize.
Torrekuan aurkeztu dute eskuko telefonorako sortu berri duten aplikazioa, Skurak bertan duelako egoitza beste hainbat ekintzaile eta sortzailerekin batera. Maitena Urretabizkaia Skurako kideak azaldu duenez, ostalarien sarea indartzeko sortutako proiektua da, “ostalariak eta herritarrak harremanetan jartzeko”. COVID-19ak eragindako krisitik ateratzeko “elkarlana” eta “elkar zaintza” ezinbestekoak direla esan du, “norberaren interesen gainetik ikuspegi kolektiboa jarri behar dugu komunitatea indartzeko”.
Ostalariek oso erabilgarria izango dute Jan Gou aplikazioa; bere bidez beraien gaineko informazioa guztia, kokapena, ordutegia, ze4rbitzuak, menua, harremanetan jartzeko bideak zabaltzeko aukera izango dute klik bakarrean. Ez beraiek bakarrik, herritarrak ere badira aplikazioaren onuradun, izan ere aurretik aipatutako informazio guztia izango dute eskura nahi duten unean aplikazioa eskuko telefonoan instalatuta. Ostalariek, krisiaren harira behar komunak zituzten eta horiei erantzuteko bi modu zituzten aukeran Urretabizkaiak azaldu duenez, “bakarka edota modu kolektiboan. Modu kolektiboan aurre egiteko unea da, behar komunei, irtenbide eta tresna komunak eman behar zaizkio, eta hori da Jan Gou”.
Aplikazioaren funtzionamendua oso sinplea dela azaldu du Skurako kideak. Behin aplikazioa jaitsita, mugikorrean kokapena jarrita, inguruan dauden taberna eta jatetxeak ikusiko ditu erabiltzaileak kokapen mapa batean. Mapaz gain, zerrenda bidez ere ikus daiteke, eta bilatzailea ere badu aplikazioak. Behin taberna bat aukeratuta, beste pantaila bat erakutsiko du aplikazioak, eta informazio zehatza kontsultatzeko aukera izango du, “argazki bidez menua kontsulta daiteke, eta mugikorrean instalatuta ditugun sare sozialetan partekatzea dago”.
Ostalariekin harremanetan jartzeko aukera ematen du, gainera, telefonoz zein posta elektronikoz, baita tabernara iristeko jarraibideak eman ere.
Ostalari bakoitzak bere QR Kodea
Ostalariek beraiek sartu behar dute informazioa. Nahikoa dute Jan Gouren web gunera sartu, ordenagailu bidez, eta erregistratzea beharrezko informazio guztia sartzeko modu errazean. Hala ere, bateren batek laguntza beharko balu, Skurako kideengana, Ostari elkartera edota Errenkoalderengana jo dezakete informazio hori aplikazioa txertatzen laguntzeko.
Proiektuarekin, ostalari bakoitzak, gainera , bere QR kodea izango duela azaldu du Urretabizkaiak, “kode hori taberna sarreretan edota mahai gainean jar dezakete. Mugikorretik QR kode hori sartzen duenean erabiltzaileak, aplikazioa zuzenean zabaldu eta ostalari horren informazioa eta zerbitzuen berri jasoko du”.
Aizpea Otaegi alkatea pozik azaldu da proiektuarekin, eta nabarmendu egin du Torrekuan duela egoitza Skurak, aplikazioaren sortzaileak. Horren harira, gogora ekarri du Torrekua, lanbide sortzaileak eta ekintzailetza sustatzeko udal proiektua eta ekipamendua dela, “lanbide sortzaileen eremuan, bitxigintza, ehungintza, eta IKTekin edo teknologiarekin lotutako proiektu oso interesgarriak dauzka. Skura da proiektu horietako bat. Ekintzailetzaren izpirituari jarraiki, Torrekuan kokatuta dagoen proiektu batek halako proposamena egitea bizitzen ari garen testuinguruan ekarpen bat egiteko asmoz, oso interesgarria da guretzako. Hemen kokatuta dauden proiektuak herriarekiko atxikimendua badutela erakusten du, eta sentsibilitate bat gertatzen ari denarekiko”.
Plazera, hala definitu du Torrekuan halako proiektuak izatea, eta Jan Gou bezalako proiektua bertatik ateratzea, eta pasa den asteartean aurkeztutako Errenteria Bizi iniziatibaren barruan kokatu du gaurko proiektua, “ulertzen dut ekarpena dela udalak abiatu duen programari, oso ondo kokatzen da haren barruan, ekarpen polita da”.
Skuraren ezaugarri bati erreferentzia egin dio alkateak, azkenik; izan ere, bi emakume izan ziren Skuraren sortzaileak, eta egun bertan ari diren lau kideetatik hiru emakumeak dira, “ez da batere ohikoa IKTekin lotutako ekintzailetza proiektu batean emakumeen presentzia indartsua izatea. Zuen kasuan hala da, eta Torrekuan kokatuta zaudete gainera, gauza asko daude beraz, balioan jarri eta zoriontzeko”.
Errenteria-Oreretako ostalaritzaren kalitatean urrats bat aurrera
Ostariren izenean mintzatu da Haritz Frades. Iniziatiba ilusio handiarekin hartu dutela elkartean esan du ostalariak, eta eskerrak eman dizkio udalari halako iniziatibak bultzatzeagatik, “Skura eta Ostariren arteko bitartekaria izan da proiektu hau gaur errealitatea izateko”. Skuraren lana eta sorkuntzarako abilidadea nabarmendu ditu, gainera, eta Appa, ostalarientzat tresna garrantzitsua izateaz gain, bezeroentzat ere izugarri erabilgarria izango dela nabarmendu du: “Gure kokapena, prezioak, menua, kartak, ordutegiak… dena eskura jartzen du klik batean”.
Hala, aplikazioa, Errenteriako ostalaritzaren kalitatearentzat urrats bat gehiago dela uste du Ostarik, “zerbitzu bat gehiago”.
Herritarrak animatu ditu, Ostarik aplikazioa eskuko telefonoan instalatzera, eta ostalariei eskatu die bat egin dezaten proiektuarekin, “zenbat eta gehiago izan, orduan eta zerbitzu hobeagoa eta zabalkunde handiagoa emango baitiogu. Beharra duen oro laguntzeko prest gaude”.
Arrasaten sortutako proiektu ekintzailea
Arrasaten sortutako unibertsitate proiektu bat da Skura, orain bederatzi urte, bi ikaslek irabazitako beka baten harira. Bi emakumek abiatu zuten proiektua. Hasieran aplikazio sinpleak egiten zituzten Urretabizakiak azaldu duenez, “baina gero komunikazio, konektibitate, mugikorrak ematen dizkigun bluetooth eta wifia aprobetxatuz, aplikazioak egiten hasi ginen”.
Besteak beste, Torrekuan dute wifi bidez erabiltzeko sortu duten indukzio plaka, “legalki ezin dugu erabili, legearen kontra doa piztea”. Erabilgarri ez, baina sortuta dute. Segurtasun kutxetako sarrailekin, eta bestelakoekin ere ari dira lanean oro har, “proiektu asko ditugu sarraila sistemarekin lotutakoak, etxeko ateak, giltzarrapoak, baita industrian digitalizazioarekin lotutako proiektu garrantzitsua Oarsoaldeko lantegi batekin”.
Elkarlanerako joera nabarmendu du Skurako kideak, “mugikorretako aplikazioetan gara onak gu, baina gero, zerbitzari bat behar badugu, egin izan dugu, baina TalaiosKoopekin edo Arrasateko Magnet Kooperatibarekin aritzen gara”.
Arkaitz Anza da Skurako beste kideetako bat, eta berak OlatuKoopeko kide direla nabarmendu du, “gure txikitasunetik sareak duen indarrean sinisten dugu. Lau pertsona gara eta ez gara ezer mundu globalizatu honetan, baina lau pertsonez osatutako kooperatiba ugarien sare batek, azkenean bitarteko askoz ere gehiago ditu”. Gakoa ere eman du, “ondoan dagoena ez dugu konpetidore gisa ikusten, elkarlanerako beste kide baten gisa baizik. Ikastea da kontua, jakintza partekatzea; guk ez dakigun hori beste batek irakasten digu, eta guk dakiguna, berriz, beste hari irakasten diogu, eta elkarlan horretan denak elikatzen gara”.
Ikuspegi hori oso garrantzitsua dela batez ere teknologiaren munduan esan du Anzak, “start up-etan justu kontrakoa irakasten da, norberaren promozioa sustatzen da eta enpresa handiek egiten dutena, dena zentralizatzea. Guk nahiago dugu enpresa txiki asko izan, lokalizatuta espazioa zabalean, eta bakoitzak eragitea dagoen toki horretan”.
Proiektu librea dela Jan Gou aplikazioa nabarmendu dute azkenik, “gu hemen gaude kokatuta eta Oreretatik hasi gara, baina Euskal Herriko ostalariei begirakoa da”. Une honetan Errenteria-Oreretako hamahiru establezimendu daude erregistratuta aplikazioan: “Handitzen ari da eta nahi duenak molda dezake, horretarako bertan du QR kodea. Teknologiak aurrera egiteko, ezinbestekoa da partekatzea. Jan Gou COVID-19aren krisiari erantzuteko sortu genuen. Krisi hau pasatzean gure herria nola egotea nahi genuen galdetu genion gure buruari, benetan ez genuena nahi zen komertzio guztiak itxita, taberna guztiak itxita edo frankizien esku amaitzea. Honekin lagundu badezakegu, ondo”.