Oinherrik Herri hezitzaileak zer diren azalduko du hilaren 30ean
Herri hezkuntza komunitarioko sareak sortzeko helburua du Oinherrik, eta horren berri emango Jaione Urruzolak, Joxe Mari Agirretxek eta Maite Azpiazuk.
Oinherri proiektuak hitzaldia antolatu du hilaren 30erako. Herri hezitzaileen egitasmoaren berri emango dute Manuel Lekuona bibliotekan. Hezkuntzako eragileak zein aisiakoak saretzen dituzte, udalekin batera, beste mota bateko hezkuntza esparruak sortu eta eskaintzeko.
Aurkezpen ekitaldia datorren asteartean —hilak 30— izango da, 17:30ean, Manuel Lekuona bibliotekan. Jaione Urruzola, Maite Azpiazu eta Joxe Mari Agirretxek azalduko dute herri hezitzaileak zer diren. Zaintza zerbitzua eskainiko dute. Horretarako, e-posta bidez jarri beharko da harremanetan, hilaren 28a baino lehen.
Euskal Herriko hamalau eragilek parte hartzen dute Oinherrin, eta zazpi printzipio ditu, bere webgunean jasotzen duenez: Jolasa eta sormena ikasteko eta garatzeko berariazko tresnatzat dituen haurren kultura aitortzea; hori oinarri hartuta, haurrei benetan parte hartzeko eta erabakitzeko ahalmena ematea; eurek eraikitako aisia hezitzailea eta euskaldunaren bitartez, aniztasunean berdin eta parekide izanez eta ingurumen naturala eta ingurumen kulturala zainduz, komunitate-sarea eta auzolana indartzea, eta pertsonen arteko harreman osasuntsu, justu eta asegarriak jostea.