Energia Astea, bertan behera
Horren barruan antolatzen duten ekitaldi sorta utzi du bertan behera udalak, baina bere konpromisoari tinko eusten diola esan du, "energia berriztagarria eta energia eraginkortasunerako proiektuak gauzatuz".
Hilaren 22tik 26ra ospatzen da Europako Energia Astea. Aurten baina, COVID-19aren ondorioz, bertan behera gelditu da Errenterian ospatu behar zuten laugarren astea. Horren barruan antolatzen duten ekitaldi sorta utzi du bertan behera udalak, baina bere konpromisoari tinko eusten diola esan du, “energia berriztagarria eta energia eraginkortasunerako proiektuak gauzatuz”.
Energia berriztagarriei dagokionean, orain dela gutxi egin du udalak instalazio fotovoltaikorik handiena. Niessen eraikinak 92.68 kwp-ko potentzia duen autokontsumorako instalazioa du. Urtean 96.074 kwh ekoiztuko duela kalkulatzen da 10.913 euro aurreztuz. Proiektuan 78.497 euro inbertitu ditu udalak.
Proiketu horren bereizgarritasunik nagusiena, autokontsumo partekatuko instalazioa dela da; hau da, Niessenen sortutako energia eraikinetik 500 metroko erradioan dauden beste ekipamendu eta udal eraikin batzuetan erabili ahalko da.
Energia eraginkortasunari dagokionean berriz, hainbat ekintza egingo ditu udalak. Argiteria publikoarekin lotuta, datozen egunetan hainbat koadrotako luminariak hornitzeko eta muntatzeko lizitazioa argitaratuko da. Guztira, 607 led luminaria hornituko dira —FEDER-en %50eko laguntza jaso du udalak, horretarako—.
2015 eta 2020 urteen artean egindako ekintzen bidez, Errenteriako argiteria publikoan %60 inguru LED teknologiakoa izango da, guztira, 2.694 luminaria ordezkatuz.
Bestalde Niessen eta Udaletxean led luminariak hornitzeko kontratua lizitatuko da. 40.000 euroko inbertsioa egingo du udalak.
AStea bertan behera utzi badu ere udalak COVID-19ak eragindako testuinguruaren harira, energia ohiturak aldatu eta hobetzera deitu ditu herritarrak, “klima aldaketari aurre egingo dion etorkizuna eraikitzeko”.