Manuel Zamarreño oroitu dute bere izena duen parkean
PPk antolatu duen ekitaldian izan dira Marisol Fernandez alarguna eta Naiara Zamarreño alaba PPko buruzagi eta kide askorekin batera.
Manuel Zamarreño oroitu dute gaur, ETAk hil zuela 22 urte bete direnean. PPk antolatu duen ekitaldian izan dira Marisol Fernandez alarguna eta Naiara Zamarreño alaba, PPko buruzagi eta kide askorekin batera. Zamarreñoren izena daraman Kaputxinoetako auzoko parkean egin dute ekitaldia gaur eguerdian. Carlos Iturgaitz lehendakari izateko alderdi popularraren hautagaiak eta Pablo Casado PPren presidenteak hartu dute hitza ekitaldian.
Hogeita bi urte atzera egin du Iturgaitzek: “Orain 22 urte eta sei hilabete, udalerri honetan hil egiten gintuzten, eta udalean gure bozeramailea zen Jose Luis Caso zinegotzia hil zuten. Manuel Zamarreño bezala, pertsona handia zen Caso, inplikatutakoa Errenteria herriarekin. ETAk irunen hil zuen, han bizi baitzen. Hura hil ondoren Zamarreño zen hurrengoa zerrendan. Hasieratik esan zidan nahi zuela izan Casoren lekukoa hartuko zuen zinegotzia. ‘Ez dut dimisiorik emango, eta badakit ETAk hil egingo nauela, baina nire lagunari zor diot’, esan zidan”.
Gaur egun, Errenterian, Gipuzkoan, Araban, Bizkaian politika egitea errazagoa bada, Zamarreño bezalako pertsonei esker dela erantsi du Iturgaitzek: “Duela 22 urte bizia askatasunaren eta Espainiaren alde eman zutelako. Benetako euskaldunek ez diegu sekula nahikoa esker on adieraziko, herri hau maite dugunok, dugun ideologia dugula, askatasuna eta demokrazia babesten dugunok izugarri eskertu behar ditugu hil dituztenak, baina baita gure alderdiaren kargu izan direnak, eta egun direnei ere; oinarrizkoa babesten duten horiei guztiei eskerrak eman behar dizkiegu, demokrazia, askatasuna, Espainia, eta tolerantzia babesteagatik. Guk beti errespetatu ditugu besteak, pentsatzen dutena pentsatzen dutela. Gure bila etorri ziren, fisikoki eta politikoki herri honetatik desagerraraztera, baina guk eutsi diogu, orduan eta gaur egun ere”.
Gaur egun errazagoa bada ere, bere zailtasunak dituela PPkoa edo Ciudadanos alderdikoa izatea ere esan du alderdi popularreko lehendakarigaiak. “Baina eutsiko diogu paisaia honen parte garelako, herri honen parte garelako, gure sustraiak hemen daudelako. Jakin badakit herri hau sozialistekin, komunistekin, abertzaleekin, nazionalistekin egin behar dugula, baina konstituzionalistok herri honen zati gara, Zamarreño eta Caso ziren bezala”.
ETAk hildako PPko zinegotzien oroimena alderdiaren sigletan izango dela beti esanez amaitu du mintzaldia Iturgaitzek, “biktimak dira garrantzitsuena, eta batez ere horien memoria, duintasuna eta haienganako justizia”.
Gaurkoa omenaldi eta aldarrikapen ekitaldia izan dela esan du bere aldetik Pablo Casadok, “ETAk Espainian utzitako 850 biktimez hitz egiten dugunean, gogorarazi behar delako zergatik hil zituzten, baina baita zertarako bizi ziren ere, eta Manuel Zamarreño eredu bat da, bizitza zintzo baten adibide, bere familia eta lanari lotutako bizitza, baina baita sinisten zituen printzipioei lotutakoa ere, bere herriari eta askatasunari”.
Zamarreñoren alarguna eta alaba ere eredu gisa jarri ditu Casadok, “ez duzue inoiz mendekurik eskatu, justizia baizik”.
Txalo artean amaitu dute omenaldia.