Tomas Garbizu Musika Eskolako ikasleek kurtso amaierako audizioak bideoz eskaini dituzte
Musika Eskolako ikasleek urteari amaiera modu ezohikoan eman diote: Audizioak bideo bidez aurkeztu dituzte aurrez-aurreko emanaldiak eskaini beharrean.
Lezoko Tomas Garbizu Musika Eskolan ikasturteari amaiera eman diote modu telematikoan: Ikasleek, COVID-19ak eragindako egoerari egokituz, euren audizioak grabatu eta webgunean aurkeztu dituzte. Joan den martxoan larrialdi egoera dekretatu zenean, klase presentzialak bertan behera utzi eta ikastaroak interneten bidez eskaintzen hasi ziren; hala funtzionatu du Eskolak konfinamenduak iraun duen azken hiru hilabeteotan.
Euskarri elektronikoei esker, klaseak ez ezik, ohiko kurtso amaierako audizioak ere burutu ahal izan dituzte ikasleek. Azken horiek dagoeneko ikusgai daude Lezoko Udalaren webgunean nahi duenarentzat. Egoeraren aurrean egindako ahaleginengatik eta emaitza apartengatik udalak Musika Eskolako ikasle zein irakasle oro zoriondu nahi izan du.