COVID-19aren kalteei aurre egiteko, hiru laguntza lerro ditu abian Lezoko Udalak
COVID-19aren kalteei aurre egiteko hiru laguntza lerro ditu abian Lezoko Udalak. Horien artetik bat Lezo Bonua da: herriko saltoki eta ostalaritza guneak laguntzeko egitasmoa da.
Koronabirusak eragindako krisi ekonomiko eta sozialari aurre egiteko, Lezoko Udalak hiru diru laguntza lerro abian ditu. Horrela jakinarazi du udalak. Partidetako bat nekazaritzan, abeltzaintzan, merkataritzan, ostalaritzan edo zerbitzuen sektorean dabiltzan autonomo eta mikro enpresentzat da; bestea tokiko kontsumoa bultzatzeko Lezo Bonua da; eta hirugarrena ekonomia suspertzeko laguntzena da.
Hiru horien laguntzen xehetasunak Lezoko Udalaren webgunean ikus daitezke. Bertan daude adierazita eskaerak egiteko aurkeztu beharreko dokumentazioa, baita baldintza zehatzak ere.
Laguntza lerro horien asmoa da, Lezoko Udalak argitu duenez, koronabirusagatik kaltetuak izan diren lezoar guztiei laguntza eskaintzea eta tokiko ekonomia suspertzea, “modu horretara herritarren ongizatea eta bizi kalitatea bermatzen jarraitzeko”.
Lezo Bonua
Laguntzen hiru lerroetatik, herritar gehienen aukeretara hel daitekeena Lezo Bonua da. Herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu sektoreetan erosketa sustatzea du xede, bertako langileei eta eta horien negozioei bultzada eman nahi diete.
Egitasmoaren muina honakoa da: herritarrek 10 euroko balioa duten bonuak eros ditzakete, 7 euroko prezioan. Hau da, zazpi euro gastatu eta hamar jaso. Hiru euroko aldea udalaren kontura geldituko da. Bonuen salmenta establezimenduetan egingo da, eta erosketak kanpainarekin bat egin duten guneetan egin behar dira.
Kanpainara produktuak eta zerbitzuak saltzen dituzten Lezoko establezimenduak atxiki ahal izango dira. Horretarako epea 15 egunekoa izango da iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera kontatzen hasita. Eskabideak eta agiriak Lezoko Udalari aurkeztu beharko zaizkio, erregistro elektronikoaren bidez.