"Ez dakit ezetzik esaten, erronka moduan hartzen ditut gauzak"
Oiartzuni ekarpen handia egindakoa da Ugaldebere, eta horretan jarraitzen du. Arlo askotara eraman du bere lana, eta irribarre batekin aurre egin die bidean izan dituen erronka guztiei.
Oiartzun urtekaria osatzen duen taldeko kide zara. Aurtengoa urte atipikoa da. Zein martxa darama aurtengoak?
Otsailean hasi ohi gara. Erabakitzen dugu zein izango den elkarrizketa nagusia, Oiartzungo seme-alabak-eko protagonista zeintzuk izango diren… Urte dezente daramazkigu parekidetasun irizpideak sartzen.
Bizpahiru bilera egin genituen, eta COVID-19arekin, online egin behar izan genituen. Orain berriro bildu gara, eta esan daiteke bideratuta dagoela. Bagenuen beldurra, baina sekula baino mardulago aterako dela dirudi. Badirudi jendeak etxean idazteko denbora eduki duela!
Urtekaria egiten 1991n hasi zinen, Kultura zinegotzi kargua hartzearekin batera.
Orduan Joxe Mari Sanzberro eta Adolfo Leibar zena zeuden. Udaleko jendea ere egoten zen, eta Iñaki Arbelaitzek ere xaxatzen gintuen, hau edo bestea elkarrizketatzeko.
Zinegotzi izan baino lehen, herriko baten bati jasotako ipuinen ekarpena egin nion urtekariari, eta ikastolaren bitartez ere ezagutzen nuen. 1993koan argitaratu genuen Jose Manuel Azkue organistari buruzko lana. Juan Mari Lekuona prestatu zen, eta ni bere laguntzailea izan nintzen. Pila bat ikasi nuen, eta gustatu zitzaidan.
Ondoren etorri ziren Anizeta jatetxeko Anizetari eta Matteoneko Maritxuri elkarrizketak. Gero pena eman zidan uzteak, eta gaur arte. Batzuetan ibiltzen zara ezin ailegatuta, baina gustura. Herriko jende asko ezagutzen duzu, eta saltsa berezi bat sortzen da. Ia beti jende heldua izaten da, eta ikuspegi ezberdinak ezagutzen dituzu. Honez gero 25 bat elkarrizketa eginda izango ditut.
Beraz, ez da lan bat zuretzako?
Leibar ia bukaera arte egon zen aldizkariaren batzordean, eta Joxe Mari Sanzberrok 70 urte bete zituenean utzi zuen. Jende gaztea sartzen joan zen batzordean —Goiatz Labandibar eta Mattin Kazabon—, eta ideia berriak ekarri dituzte.
Oiartzungo Seme-alabak-en, lehen, bakoitzaren lorpenen arabera agertzen zen jendea. Orain, saiatzen gara auzo bakoitzak bere espazioa eduki dezan.
Baita beste belaunaldietara pasatzea ere bai.
Bai. Ikusten genuen jende helduak erosten duela, eta gazteek ez dakitela zer den ere. Horregatik, jende gaztea elkarrizketatzen dugu, gehiago iristeko. Aurten, adibidez, Izar Aizpuru dantzaria elkarrizketatu dugu.
Hori urtean behin, baina egunero aritzen zara, kronista bezala.
2012tik daramat, nahiz eta etenaldi txiki bat egin nuen. Joxe Mari Sanzberro ari zen lehen El Diario Vascon. Nire irakasle izandakoa da. Batxillerra Oiartzunen egiten genuen, eta azterketak egitera Donostiara joaten ginen; bera zen irakaslea.
Ikastolako komunikazio edukiak pasatzen nizkion; garai batean ez zegoen Internetik, eta bere etxera eraman behar izaten ziren gauzak. 2011n zerbait ateratzeko eskatu nion eta erretxindua nabaritu nuen. Azkenekoa izango zela esan zidan. Animatzeko esan zidan, eta nik ezetz. Astebetera, uztaila zen eta oporretan nengoen. ‘Probatu gabe ezetz esatea ere…’. Animatu nintzen, baina esan zidan Gaizka Lasarekin lotua zeukala. Handik hilabete batzuetara Lasak berak eskaini zidan, jarraipena egitea zaila egiten zitzaiolako.
Bertigoa eman zizun?
Bai, nire buruari ‘uf’ esan nion. Bost urte pasatuta batxe txiki bat izan nuen, baina era berean gauza pila bat jakiten dituzu, honekin eta harekin hitz eginda. Agian gehiegi bolkatu nintzen, ez nion neurria hartu. Ikasle izandako bi gaztek hartu zuten lekukoa. Orain, bueltan, lasaiago ibiltzen naiz.
Nola ikasi zenuen?
Urtekarirako lehen elkarrizketan ez nekien komatxoen artean jarri behar zela testuaren zati bat… Eginez ikasten da ofizioa.
Etxean beti erosi izan dugu egunkaria. Haurra nintzenean, Garmendia okindegikoek Iturriozko Santxo etxean uzten zituzten, beraiek jasotzen zituzten. Eguerditan joaten nintzen ni bila. Hango andreak Lutxi izena zuen. ‘Ave Maria purisima’ esaten nien nik, eta ‘Hara, Jaione!’. Amak hilabete bukaeran ordaintzen zien egunkaria.
«Urtekarian gazteak elkarrizketatzen ditugu, gehiago iristeko»
Lanbidez, irakaslea zara. Nola iritsi zinen horra?
Donostiako UTGn hiru urtez ikasi nuen Historia, eta gero bi urte Geografia ikastera Zaragozara. Etxera bueltan lana bilatzeko izena eman behar nuen, eta data pasa egin zitzaidan.
Amari esan nionean data pasatu zitzaidala, eta urtebete egongo nintzela lanik egin gabe… ‘Oraintxe bertan joan hadi ikastolara, eta esan ezan zer ikasi dunen!’. Ez curriculumik eta ezer gabe joan nintzen, txintxo-txintxo. 1982 urtea zen. Zuzendariarekin hitz egin nuen, eta hamabost egunera deitu ninduten.
Jardunaldi erdiz hasi nintzen, heziketa bereziko haurrekin. Psikologo bat nuen laguntzaile. Bi urtez egon nintzen jardunaldi erdiz, eta arratsaldetan AEKn aritu nintzen, jendea behar zutela eta. Kontua da nik ikasketa guztiak gazteleraz egin nituela.
Lagunekin eta familiakoekin euskaraz hitz egiten nuen, baina Zaragozako bi urteetan dena gazteleraz aritzen nintzen. Euskaraz hitz egiteko erraztasuna galdu nuen, berrikotik hasi nintzen. Mintzapraktikan aritu nintzen gehienbat, eta hirugarren urtean EGA atera nuen. Ikasketa bat izan zen. Ondoren, jardunaldi osoko irakasle postua eskaini zidaten Lehen Hezkuntzan. Gero etorri zen DBH, lizentziatua naizelako. Eta hor jarraitzen dugu, gaztetxoekin borrokan [barre egin du].
38 urte daramatzazu ikastolan. Badira urteak…
Aberasgarria izan da. Zuzendari izan naiz, ikasketa buru ere bai… Orain irakasle soila naiz, eta errazagoa da. Tokatu zitzaidan zuzendari izatea Euskal Eskola Publikoaren Legea indarrean jarri zenean. Ikastolaren matrikulazio kopurua izugarri jaitsi zen; gero berreskuratu genituen.
Horrez gain, DBH ezarri zenean ere zuzendari izan nintzen. Urte oso aberasgarriak izan ziren haiek: Orereta Ikastolarekin batera Oiartzo sortu genuen, Oiartzungo Udal Ikastola Partzuergoa sortu zen 0-3 urteko haurrentzako… Erabateko dedikazioa eskaini nion ikastolari. 1996tik 2002ra arte izan nintzen zuzendari, eta orduan ere martxan jarri zen txosna.
Ikastolan txiripaz hasi zinen, baina irmo defendatu duzu.
Oso ikastolazalea naiz. Lan asko eta inplikazio handia eskatu du. Nire ustez, herriari aberastasun handia ematen dio. Ikusten dituzu hemen ikasle izan direnak jende inplikatua dela herrian.
Zuen parte bat daramatela sentitzen al duzue, harrotasunez?
Baina harrokeriarik gabe. Enteratzen zarenean hau han dabilela, edo bestea beste zerbaitetan, ilusioa egiten dituzu noraino iritsi diren ikusteak.
Zinegotzi ere izan zinen, 1991-1995 agintaldian. Nola oroitzen duzu udalgintzan aritzea?
Ez dakit ezetz esaten. Erronka bat bezala hartzen ditut gauzak: ‘Zergatik ez?’. Arantza Lete ere nirekin batera aritu zen, eta esana nion balio ez bagenu, martxa egingo genuela.
Kultura zinegotzi izan nintzen, eta balio izan zidan herriko hainbat gauza hurbiletik ezagutzeko. Proiektu batzuk jarri ziren martxan: liburutegia, kiroldegia… Ordura arte ez zegoen. Uste dut Herri Batasuneko orbitako herria ginenez, zigortuta ginela; ia herri guztiek bazeukaten eta guk oraindik ez. Aurrekoek egindako lanari esker ireki ziren, baita bidegorria ere. [Jon] Iñarrak bisio bat eduki zuen… zer egingo genuke guk bidegorririk gabe?
Oso esperientzia polita izan zen. Adin horretan banenbilen ama izan ala ez izan zalantzan. Lau urte pasa eta erabakia hartzera lagundu ninduen.
Nola bizi zenuen emakume gutxi zeuden arloan aritzea?
Orduan ez zitzaion hainbesteko garrantzirik ematen. Ziurrenik baietz esango nuen erakusteko emakumeok balio dugula.
Udalean bazeuden batzorde batzuk potenteagoak zirenak. Hirigintza, adibidez. Kulturako erabakiak, berriz, light-agoak ziren. Nik, hala ere, pareko hartzen nituen taldeko gizonak, dena eztabaidatzen genuen, dena demokratikoa zen.
Beste saltsa batzuetan ere ibiltzen zara: zure auzoko festen antolakuntzan.
Iturriozko santiyutan egiten zena zen, adinaren arabera festa batzordean sartzen zinela. Kuadrilla batek hurrengoari pasatzen zion lekukoa. Gu 14 bat urterekin hasi ginen txosnan lanean, eta lana bakarrik egiten genuen. Poliki-poliki joaten zinen gehiago sartzen.
1976 ingurutik 1983ra bitartean urtero-urtero ia gauza bera zen. Egan, Minxoriak eta horrelakoak ekartzen genituen, kanpotik jendea etor zedin. Jubilatuen bazkaria edo Santiyo bezperako afaria egiten zen, auzoari begira, baina gehiago ikusten genuen jendea etortzea.
Antzerki talde bat ekartzen genuen Bilbotik, eta Hernanira joaten ginen kartelak-eta jartzera. 1983an, madalenak bertan behera geratu zirenean, kuadrillako mutilek erabaki zuten ez zutela parte hartuko, festak hasi baino pixka bat lehenago. Neskak bakarrik geratu ginen turnoetan. Oreretan suspenditu zirenez, jende asko etorri zen. Haiei lekukoa pasatu genien. 2001ean ez zen festarik egin Iturriotzen.
«Nire ustez, Haurtzaro Ikastolak aberastasun handia ematen dio Oiartzuni»
Zergatik?
Antolakuntzan aritzen zirenek ez zuten lekukoa pasatzeko trantsizioa egin, eta Iturriotz festarik gabe geratu zen. Hurrengo urterako guardia zaharrekoak elkartu ginen berriro, eta lau bat urtez egin genituen. Orain daudenak engantxatu genituen; haiek sartu eta gu erretiratu egin ginen. Orain hesiaren beste aldetik gozatzen ditut festak. Orain kristoren kuadrilla dago, antolaketa polita, heldu pila bat ogitartekoak egiten… ilusioa egiten dizu. Lehen kanpokoak etortzea nahi bagenuen, orain gehiago da auzokoek disfrutatzea.
Horrez guztiaz gain, Pirinioak gurutzatzen ari zara.
1990ean Iturrioztik atera eta Santiagoraino joan ginen, bizikletan. Abentura bat zen, ez du zer ikustekorik gaur egun denarekin. Hurrengo urtean, Costa Bravaraino joan ginen bizikletan, Pirinioak gurutzatuz. Bidai motzagoak ere egin ditugu.
Iaz esan genuen oinez egin behar genuela, eta GR11 bidea egiten hasi ginen. Higerretik hasi eta iritsi gara Pinetaraino —Monte Perdido ingururaino—. Uztailean nahi dugu Cap de Creusera iritsi. Gazteek egiten dutena da motxila hartu, eta dena zuzenean joan. Ni ez nago horretarako. Orduan, egiten duguna da furgoneta hartu, utzi, etapa bat egin eta buelta. Beraz, joan eta etorri egiten ari gara.
Hemen bertan badaude toki batzuk ezagutzen ez nituenak. Iaz etapa bat egin genuen, Irundik Beraraino, edo Elizondora. Zoragarria da. Ezagutzen dituzu paraje ikusgarriak, baita jende jatorra ere bai.