Oiartzungo udako igerilekua zabalik uztailetik aurrera
Oiartzungo Udalak iragarri du udako igerilekua datorren asteazkenean irekiko dutela, neurri bereziekin eta tarifak denboraldi motzagoari doituz.
Datorren asteazkenetik (uztailak 1) aurrera Oiartzungo udako igerilekua zabalik egongo dela jakinarazi du udalak. COVID-19ak eragindako egoeraren ondorioz neurri bereziak hartu beharko dira, haien artean nabarmenenak: gehienezko aforoa (420 pertsona), musukoaren derrigorrezko erabilera igerilekurako sarreran eta tabernan, tarifen merketzea denboraldi motzagoari egokituz, eta inguruko trafikoaren berrantolaketa.
Aforoari dagokionez, erabiltzaileen %60a, hots, 420 lagun, elkartu ahal izango dira gehienez igerilekuan. Zenbateko okupazioa dagoen kontsultatu ahal izango du aldez aurretik nahi duen orok udalaren webgunean.
Bai igerilekurako sarreran zein tabernaren barnean, musukoa derrigorrezkoa izango da. Betiere, osasun sailak zehaztutako baldintzak aldatzen ez diren bitartean; hala gertatuko balitz, igerilekuko arauak ere moldatuko lirateke.
Aurtengo denboraldia motzagoa izango denez gero, igerilekuak denboraldiko tarifak doitu ditu: bono familiarra 102,70 eurokoa izango da, 16 urtetik gorako banakoena 77,05 eurokoa, eta 6-16 urte bitarteko banakakoena 51,35 eurokoa. Denboraldia uztailaren 1ean hasi eta irailaren 13an amaituko da hurrengo ordutegiekin:
- Uztailean 10:00etatik 21:00etara.
- Abuztuan eta irailean 11:00etatik 21:00etara.
Sarrerei dagokienean, hauek banaka edo bosnaka erosi ahal izango dira hurrengo prezioekin:
- Banakako sarrera 16 urtetik gora 7,60 euro.
- Banakako sarrera 16 urtetik behera 3,83 euro.
- Bosnakako sarrera 16 urtetik gora 30,29.
- Bosnakako sarrera 16 urtetik behera 15,25 euro.
- Bost urtez beherako haurrak dohainik.
Udalak adierazi duenez, igerilekua irekita dagoen bitartean inguruko trafikoa berrantolatuko da. Hilerritik Goizueta kalera arteko tartea norabide bakarrekoa izango da, beste erraila aparkatzeko baliatuz. Sibeluts kalea izango da igerilekuko aparkalekura heltzeko bide bakarra.