Udalak adierazpen instituzional baten bidez LGTBI+ kolektiboekin bat egin du
LGTBI+ Pertsonen Eskubideen Nazioarteko Eguna (ekainak 28) dela eta, kolektiboen babesa aldarrikatzeko adierazpen instituzionala zabaldu du Pasaiako Udalak.
Pasaiako Udalak, gaur argitara emandako adierazpen instituzional baten bidez, aldarrikatu du oraindik asko dagoela egiteko LGTBI+ kolektiboen eskubideen alde, “gaurko egunean badaude arrazoiak borrokan jarraitzeko”. Instituzioak konpromisoa hartu du alarma egoeran babes gabe gelditu diren horien egoerak “identifikatu eta jazarpenaren aurkako neurriak” hartzeko.
Udalak herritarrei Harrotasunaren Nazioarteko Eguna babesteko martxan jarri diren ekimenetan parte hartzeko deia luzatu die eta San Pedro zein Trintxerpeko alkateordetzetan LGTBI+ komunitatea sinbolizatzen duen bandera jarriko dela iragarri du, babes sinbolo moduan.