Berritasunekin irekiko dute kiroldegia, etzitik aurrera
Hainbat aldaketa prestatu dituzte COVID-19ak sortutako egoerari aurre egiteko. Udalaren webguneak unean uneko aforoaren berri emango du.
Elorsoro kiroldegia asteazkenean —uztailak 1— irekiko dute berriro, COVID-19ak sortutako egoeraren ondoren. Arau berriak ezarriko dituzte, prebentzio neurriak hartuz.
Baldintza berrietara egokitzeko, aldaketak egin dira kiroldegiko instalazioetan: igerilekuko kaleak zabalagoak izango dira, ikastaroak areto futboleko aretoan emateko moduan egokitu da, makinak birkokatuko dira…
Kiroldegira sartzeko derrigorrezkoa izango da musukoa. Bazkideek, horrez gain, eskumuturrekoa eraman beharko dute. Horrez gain, gihartze gelara joateko derrigorrezkoa izango da bakoitzak bere toalla eramatea.
Beste berritasunetako bat Elorsororen aforoarena izango da. 900 lagunekoa izango da gehiengoa, eta Oiartzungo Udalaren webgunean emango dute unean uneko erabiltzaile kopurua.
Elorsoro kiroldegiaz gain, udako igerilekua ere datorren asteazkenean irekiko dute. Madalensoro pilotalekua ere orduan zabalduko dute.