Hamar puntukoa izango da ekaineko ohiko plenoa, publikoari irekia
Asteazken arratsaldean izango da, berriro, udalbatzarra. Tramitezko hainbat puntuz gain, COVID-19ari buruzko bi puntu aztertuko dituzte.
Datorren asteazkenean —hilak 30— Oiartzungo udalbatza plenoan bilduko da. Ekainari dagokion udalbatzarra izango da, hamar puntukoa. Berritasun nagusia, hala ere, ez da gai zerrendan etorriko: normaltasun berrian egingo den lehenengo plenoa izango da. Izan ere, ohiko ordutegira bueltatuko da —19:00etan hasiko da— eta publikoari irekia egongo da —gehienez 58 pertsona—.
Hamar puntu aztertuko dituzte, eta gehienak tramitezkoak izango dira. Hala ere, COVID-19arekin lotutako bi gai aztertuko dituzte. Alde batetik, kirol instalazioen kudeaketaren kontratua etetea. Bestetik, Udal Ikastola Partzuergoari laguntza ematea, ondorioei aurre egiteko. Honakoa da zerrenda osoa:
- 1. Aurreko batzarrari dagokion aktaren onarpena.
- 2. 2019ko Kontu Orokorraren onarpena.
- 3. Udal lanpostuen zerrendaren eta lan talde organikoaren aldaketaren onarpena.
- 4. Oiartzungo udalerrian hiri-garbiketako eta etxeko hondakinen bilketa eta garraioko zerbitzu-kontratuaren amaiera eta kontratuari atxikitako ondasunak eta gainerako elementuen itzulketa.
- 5. Elorsoro kiroldegia, Madalensoro pilotalekua eta udako igerileku udal instalazioen emakida bidezko zerbitzu publikoaren kudeaketaren kontratua eteteko erabakien berri ematea, Alkateak premiazko eskumena egikarituz hartutakoa COVID-19ak eragindako alarma-egoera deklaratzearen ondorioz.
- 6. Lanbarren eremu logistikoa garatu ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Udalaren errepide sarean izandako aldaketak erregulariz atzeko lursailen zesioak.
- 7. COVID-19ak eragindako ondorioei aurre egiteko Udal Ikastola Partzuergoari ekarpen berezia egitea.
- 8.Beste ekitaldietako ordainagiriak baliogabetzea.
- 9. Beste organoen jardueraren jarraipena.
- 10. Eskari-galderak.