Badator Baga Biga Liga
Bueltan da Biyurrienea udara berezi honetarako egitasmo berritzaile batekin.
Azken hilabetean ez da Biyurrienearen berri askorik izan baina lanean ibili dira datorren udararako bihurrikeriak pentsatzen.
Udara berezia izango den honetan, herritarrak astindu eta gozatzeko eskaintzak prestatzen aritu dira, eta zehazki “Baga, Biga, Liga!” sortu dute oiartzuarrek parte hartu dezaten.
Taldeka (koadrila, familia, lagun…) parte hartzeko liga bat antolatu dute, eta ia astero ekintza, joku edo galdera sorta ezberdinak izango dira. Elkarrekin galdutako denbora berreskuratu eta elkarren konpainiaz gozatzeko helburuarekin sortua denez, adin guztietako jendeari irekitako eskaintza da.
Egitasmo berritzaile honetan, elkarlana, egokitasuna, originaltasuna eta umorea bezalako ideiak/ezaugarriak/kontzeptuak baloratuko dira, ekintza bakoitzak bere saria izanik.
Bigarren helburua Oiartzungo komertzio txiki eta tabernei bultzada ematea da, eta sariei esker, herriko hainbat establezimendutaz disfrutatzeko aukera emango dute. Herrian antolatu izan diren hainbat ekintzetan ekonomikoki sostengua ematen lagundu duten haiei, itxialdiak eragindako ondorioak leuntzen lagundu nahi zaie.
Ekintza bakoitzean lortutako emaitzaren arabera, puntuazio ezberdina eskuratuko du taldeak. Puntuazio hauek sailkapen orokor baterako balioa izango dute. Zenbat eta ekintza gehiagotan parte hartu, orduan eta aukera gehiago izango dira sailkapenaren gailurrean egon eta finalerako txartela lortzeko.
Honako hau da Biyurrieneakoek planteatu duten dinamika berri honetarako ekintza proposamena:
– Galdera sorta: Iya zein den Oiartzuharrogo. Galdetegi birtual honetan 4 astez egunero 10 galdera izango dituzte taldeek eskuragarri. Hauek erantzutean, denbora eta asmatutako galdera kopurua balioetsiko da.
– Zer gertatzen da herrian bideoklipa: Herriko talde ezagun baten kanta eraldatuz, irudimena martxan jarri eta mozorroak eta gorputzak astintzea da ekintza honen helburua. Hilabete bateko epean kanta eraldaketa eta bideoklip originala bidali beharko dute parte hartzaileek.
– Mendi martxa: Ibilbide bat gauzatu beharko da eta denbora baloratuko da.
– Mugalayan kontuk: Kontrabandisten moduan ibiliko dira taldeak herrian, auzoz auzo. Baina froga honen berri ez dute gehiegi aurreratu nahi izan.
– Finala: Finala egingo da udararen amaieran, baina ez dute honen argibiderik eman nahi izan oraingoz.
Ligako izen ematea irekita mantenduko da, baina zenbat eta lehenago izena eman sari nagusia lortzeko aukera ere handiagoa izango da, ekintza gehiagotan parte hartu ahal izango baita. Hala ere, ekintza zehatzetan parte hartu ahal izango da ligan izena eman gabe ere. Taldeka eman behar da izena eta taldeak nahi adina taldekide izan ditzake.
Informazio gehiago nahi izanez gero, Biyurrienearen sare sozialetan (facebook, instagram) informazio ugari aurki daiteke “Baga, Biga, Liga!”-ren inguruan.
Beraz, animatu parte hartzera eta Biyurrienekoek dioten moduan: “Herria zaindu dezagun, baina beti ere bihurrikeriekin jarraituz”