Duintasunaren babesa, Gabierrotako adinekoen egoitzako langile eta egoiliarrei
Zahartzaro duinerako eskubidea aldarrikatuko du Duintasunak gaur enegarrenez. COVID-a9ak eragindako pandemian adinekoen zaintzan, eta zaintzan oro har, dauden gabeziak agerian gelditu dira.
Zahartzaro duinerako eskubidea aldarrikatuko du Duintasunak gaur enegarrenez. COVID-a9ak eragindako pandemian adinekoen zaintzan, eta zaintzan oro har, dauden gabeziak agerian gelditu dira. Alderik okerrena, adinekoen erresidentzietako langile eta egoiliarrek sufritu dute, zalantzarik gabe, sistemaren gabeziak arlo askotan agerian utzi baditu ere osasun larrialdiak.
Adinekoen erresidentzietako langileei eta bertan diren egoiliarrei babesa erakutsiko die Duintasuna jubilatu eta pentsiodunen elkarteak gaur. Hileko lehen astelehenero moduan, 11:00etan bilduko dira Herriko Plazara, eta handik, Gabierrotako adinekoen egoitzaraino eramango dute protesta, bertako langile eta egoiliarrei babesa eta elkartasuna adierazteko.
Adinekoen erresidentzietako langileen kexak entzun eta ikusteko aukera izan dela nabarmendu du Duintasunak, “arrazoia zaintza duin eta egokia egiteko bitartekoen falta izan da”. Defizit hori ez da pandemiaren ondorio izan elkartearen esanetan, baina osasun larrialdiak, gabezia horiek inoiz baino ageriago utzi dituela argi du, “langile falta ez da COVID-19aren pandemiarekin sortu, atzetik zetorren, baina pandemiak modurik bortitzenean utzi du agerian”.
Errealitate horrek argi utzi du Duintasunaren esanetan “hil ala bizikoa, urgentziazkoa” dela adinekoen zaintzarako egun indarrean den sistema irauli beharra. Horren harira, zentro soziosanitarioen jabetza eta kudeaketa publikoa aldarrikatu dute, “irisgarriak, adineko guztientzat ekonomikoki eskuragarriak eta arreta integrala eta kalitatezkoa lehenesten dutenak behar dute. Pandemian erresidentzietan gertatutakoak neurri horiek urgentziaz hartzea exijitzen du, oinarri-oinarrizkoa da”.
Arduraz ere mintzo da, izan ere, ezinbestekoa deritzo adinekoen erresidentzietan gertatutakoaren gaineko arduradunak identifikatu eta ondorio penalak ezartzeari, “hala egin ezean, ezer gertatu ez balitz bezala izango da, eta ez da onargarria. Ozen diogu, erresidentziak publikoak izan behar dute, aldundiak eta udalek kudeatutakoak”.