Isa Diazek, 'Sano erradikal' poema liburua aurkeztu du
Iraultzarako deialdia da 'Sano erradikal' poema liburua, eta ospakizunerako, elkartzeaz gozatzeko deialdia, Isa Diaz errenteriarrarentzat.
“Heteronormatibitatearen etikatik festa giroan askatzeko deia da nire poesia hau”. Iraultzarako deialdia da Sano erradikal poema liburua, eta ospakizunerako, elkartzeaz gozatzeko deialdia, Isa Diaz errenteriarrarentzat. Gaur aurkeztu du Alberdania argitaletxearekin argitaratu duen liburua Diazek, Donostiako liburutegiko jarduera aretoan. Izenburuari erreparatu dio lehenik idazleak, eta sano hitzaren adieraz aritu da: “Bi adiera ditu, oso eta osasuntsu; eta biak dira egokiak izenburua ulertzeko. Hitz jokoa dago bertan, gizartea errotik aldatu nahi duen jarrera eta metodoa osasuntsua dela adierazteko”.
Izenburuaren osagarri gisa ‘Ijijiii’ oihua baliatu du Diazek, eta liburua osatzen duten sei ataletako lehenean eskaintzen dio azalpena emakume irakurleari: “Gauez sorginik ba ote zen jakiteko egiten zunan dei hau, sorginek eurek berdin erantzuten omen zitenan”. Iraultzarako eta gozatzeko deia uztartu ditu bere lanean idazleak; zilegi dela dio: “Poesiak edertasuna hizki larriz bilatzen du, edertasunak barnean zerbait mugiarazten digu. Zerbait hori zer den azaltzen ez badakigu ere, sentitzen dugu nola emozioak eta sentipenak irauli eta sagar sareen artean dantzan jartzen zaizkigun”. Gozatzeko gonbita ere bada, “eta aldi berean konplizitatez beteriko aldarria; baina ongietorri bat ere izan nahi du ilustrazio erradikal bati diosala egiten diona sei poemaz osatutako lili sorta batekin, gurean ez dagoelako ongietorririk lorerik gabe”.
Jolasa eta solasa ere bada, eta jolas moduan txertatu duela Diazek ipuin poetiko bat liburuan azaldu du, Idoiaren memoria zulatua hain zuzen ere. Idoia Beratarbideren ilustrazio bat darama eta oroimen kolektiboaren metafora izan nahi duela azaldu du idazleak, “baina zalantza denez mundua erroetatik eraldatzeko lehen urratsa, asanbladarako deialdia era badakar poesia honek, gutako bakoitzak hitza hartzeko gonbidapen agindu batekin agurtzen gaituena”.
Alberdania argitaletxeko editore Jorge Gimenezek mundu hobe eta justuago baten ametsa eta aukera jartzen duela begi aurrean idazleak esan du gaurko aurkezpenean, “horretarako emakumezkotasuna erabatekotasunez bizitzeko aukera egin duen poeta eta pertsona baten kantua darabil”. Garai nahasian datorrela liburua ere nabarmendu du, eta horrek are argiago uzten duela poesiaren ahalmen sendagarria. Diazen poetikaren dimentsio etikoari erreparatu dio, bestalde, “etika berri bezain iraultzaile baten errebindikazioa baitarama muin-muinean. Gaiari helduz, poetak aitortu du heteronormatibitatearen etikatik askatzeko kantua eskaini nahi izan duela, “baina festarako deia luzatzeaz batera, askapen hori irri algaran bilduta gauzatu beharra ikusten dut, ilargia labe gainean dugula; hau da, giro pozgarrian, zaratatsuan eta bero-beroan”.
Ibilbide oparoa
Diazen ibilbideaz ere hitz egin dute gaur goizean egin duten liburu aurkezpenean. Ez da Errenterian bizi den idazle laudioarraren lehen esperientzia. Bi sari garrantzitsu irabazi ditu Diazek: Ernestina de Chaumpourcin saria 1994an, eta Irun Hiria saria lau urte geroago. Sarien garai berean bi liburu argitaratu zituen, eta hainbat poesia bildumatan jaso dute bere hainbat poema. Ibilbide horretan, mugarri berria da Sano erradikal liburua.
Liburua salgai da jada 13 euroan. Liburua formatu elektronikoan—normalean 10,49 euro balio du— erdi prezioan (5,25 euroan) eskuratu ahalko dela hilaren 8an (asteazkena) egun osoz Alberdaniaren web orrian jakinarazi du argitaletxeak.