«Errenteriaren kantuzaletasuna egindako lan onaren emaitza da»
Altxor ugari ditu Errenteriak, eta Eresbil Euskal Musikaren Artxiboa da horietako bat. 700 urteko ibilbidean, musikak garrantzi handia izan du herria egiteko garaian. Egun ere hala da.
700 urte bete ditu aurten Errenteriak. 700 urte horien barruan, Errenteriaren historian, bere alea jarri du Eresbil Musikaren Euskal Artxiboak 1974an hasi zuen ibilbidearekin. Zein ekarpen egin dio herriari?
Ekarpen hori arlo ezberdinetan bereizi daiteke. Alde batetik, errenteriarren musikaren memoria izatea eta egitea lortu dugu Eresbilen bidez: Andra Mariren ekintzak, Ereintzaren Gabon Kantu sariketa, edo txistularien ekintzen gordeleku da artxiboa. Luzarora Errenterian gertatzen diren musiken memoria bihurtu da, alegia. Beste aldetik, Musikasteren bidez, nolabait, euskal musikaren —antzinakoa zein garaikidea— soinu artxiboa da Eresbil. Errenteriatik Euskal Herrira eta mundu osora musikaren euskal memoriaren gordailu eta zabalkundea izatea, hori da Eresbilek ematen diona herriari.
Zergatik erabaki zenuten Errenterian kokatzea euskal musikaren artxiboa?
Nik esango nuke kasualitate bat izan zela, eta kasualitate horrek izen bat dauka: Jose Luis Ansorena. Errenteria aukeratu baino gehiago, bertan proiektua garatzeko partaide eta langile talde bat lortu zen Andra Mari Abesbatzaren barruan. Kasualitateak ez dira gertatzen, gertatu zena zera da, pertsonen bilgune batean ideia bat aurrera atera zela lankidetza moduan.
Azken hogei urteetan izan zara Eresbilen zuzendaria. Nolakoa zen Errenteria duela 20 urte musikari dagokionez, eta nolakoa da egun?
Ez da erraza galdera hori erantzutea. Duela hogei urte indar musikal sendoak zeuden herrian: Andra Mari indar betean zegoen, Landarbaso Abesbatza jaioa zen, EMKEren bandak bere garrantzia historikoa zuen eta jarraitzen du izaten, eta txistulariak ere agertoki horretan zeuden. Horrek adierazten du musika hezkuntza Errenterian, Errenteria Musikali esker batez ere, sendoa eta garrantzitsua zela. Garai hartan ere nik esango nuke dantzak ere bere garrantzia bazuela, eta denborarekin azken horren pisua handitzen joan dela uste dut.
Gaur egungo egoerari dagokionean dantzan Errenteriak bere pisua du, bere garrantzia, ez bakarrik oraindik ere bizi-bizi dagoen Ereintza Dantza Taldearengatik, baizik eta hortik sortutako Kukai Dantzarengatik, Errenterian dugun Dantzaguneagatik, Gipuzkoa osoko dantza garatzeko eremua dena, bertan den Dantzaz konpainiagatik… Errenteriak egun badu sendotasun bat musika aldetik abesbatzekin, musika bandarekin, txistulariekin, Errenteria Musikalekin, baita dantzarekin ere.
Agian, dena arrosa kolorekoa ez aurkezteko, konposizio arloan ez dela nabaritzen aldaketa handirik esango nuke. Aztertu beharko litzateke zergatik Errenteriak ez duen ematen konpositore edo musika sortzaile askorik. Hor utziko dut gai hori, hausnarketarako edo.
Kanturako zaletasuna, berriz, ukaezina da. Zergatik daude hainbeste abesbatza Errenterian, zer dago berezia?
Heziketa. Hori da gakoa. Bai eskoletan zein helduen koruetan lehentasuna izan da zaletasun hori haurrei transmititzea. Etxeetan, kuadrilletan, musika eskolan edo ikastetxean bertan kantua erabiltzen bada, hondar edo aztarna hori hor gelditzen da. Ondo egindako lanaren emaitza da.
Errenteriako musika taldeen gida ere egin zuen Eresbilek 2016an. Zergatik?
Errenteriak bere izena izan zuen garai batean gazte musika eta batez ere rock musikarekin, talde ugari sortu eta aritu ziren bertan. Gizartearen memoria, baina, oso ahula da, eta gelditzen den memoria hori, oraindik ere bizirik den bitartean ez bada gordetzen, galtzeko arriskua erabatekoa da. Aztarnak ez baditugu jasotzen, memoria desagertu egiten da.
Bi arrazoi horiengatik garrantzitsua iruditu zitzaigun Errenteriako 1970. urtetik 2016. urtera arteko musika taldeen gida egitea.
Taldeekin harremanetan jarri ginen jakiteko gordeta genituen grabaketak osoak ziren edo zerbait falta ote zen, eta argazkiak ere lortu genituen. Horrekin, gida eginda, herriaren zati den memoria hori ere gorde dugu.
Parekidetasunari ere garrantzia eman diozue Eresbilen, eta emakume musikagileak lehen lerrora ekarri dituzue.
Bai, eta ez da erraza izan. Eresbilen lagun handia genuen Maria Luisa Ozaita. 2017an zendu zen. Hurrengo urtean erabaki genuen Musikasten emakume musikariei ikusgarritasuna ematea. Ozaitak egin zuen lana goraipatu nahi genuen. Ez zen erraza izan; lortu genuen Musikasten urte hartan aurkeztu genituen egileen erdia baino gehiago emakumeak izatea. Iaz, berriz, gutxienez kontzertu bakoitzean emakume musikari baten obra bat aurkezten saiatu ginen, eta ez da erraza. Lortu genuen XVIII. mendeko obra berri bat, baina XIX. edo XX. mendearen hasierako emakume musikagile asko aurkitzea zaila da. Gaur egun gehiago daude. Saiatzen gara emakumeak argitara ateratzen, baina zerrendan gehiengoa gizonak dira.
Musika bandetan emakumeak sartzea oso berria da, oso urte gutxitako kontua; emakume zuzendariak ikustea are zailagoa —Alazne Alberdik zuzentzen du Hondarribiko Musika Banda —. Horri bultzada bat eman behar zaio, lagundu, eta horretan lanean jarraituko dugu.
Garrantzitsua da musika herri batentzat?
Niri baietz esatea dagokit, eta hala sentitzen dut zalantzarik gabe; garrantzitsua da. Musika paisaiarekin alderatuko dut. Inguratu, zaintzen gaitu, baina azalpenak ere ematen dizkigu.
Paisaia alda dezakegu, zuhaitzak bota, aldatu… Musika ere alda dezakegu, gustuak alda ditzakegu eta berri batzuk izan, baina erroak hor daude paisaietako zuhaitzen sustraiak bezala; musikak ere erro sendoak dituela sinistuta nago. Gure esku dago hori zaintzea, sustrai horien emaitza zaindu eta transmititzea, batez ere haur eta gazteei, kultura guztia bezala.
Zalantzarik ez dut: kultura eta musika berritu egin behar dira eta kanpoko eragina ongi dator, gureganatu behar dugu, baina tokian tokiko historia guztiarekin lotuz, nahastuz eta musika berri bat sortuz horrela. Kulturaren emaitza hori da; berria izan behar du, baina sustraiekin.
Zein musika jarriko zenioke Errenteriari Eresbil jaio zen 1974 urte hartan?
Abangoardiako musika elektronikoa jarriko nioke garai hartako Errenteriari. Oso ausartak izan ziren edo ginen, nik esango nuke, orain baino gehiago. Gaur egun tradizionalagoak garela uste dut.
Eta egungo Errenteriak zein doinu du egoki zure ustez?
Donostiako Musika Hamabostaldian estreinatuko da Pablo Sorozabal Hari Laukote Konposizio Lehiaketa irabazi duenaren obra. Musikeneko ikasle ohi bat izan da irabazlea. Musika hori jarriko nioke, klasikoaren genero bat, baina gaur egungo sormenaren bultzada duen musika.
Hogei urtez, erretiroa hartu arte izan zara Eresbilen zuzendari. Zein esperientzia izan da zuretzat?
Ohore eta ardura handia izan da. Jose Luis Ansorenaren lekukoa hartzea oso garrantzitsua izan da. Saiatu naiz Eresbileko langileen profesionaltasuna sendotzen, eta talde finko baten egitura eratzen. Nire erronketako bat izan da hori, baina baita bilduma egiten jarraitzea ere. Euskal Herrian gertatzen diren musikak, liburuak, diskoak, programak, kartelak jasotzen saiatzen da Eresbil, baina baita funtsak jasotzen ere, eta horretan zorte handia izan dugula uste dut. Jose Luis [Ansorena] hasi zen lan hori egiten, eta egun 200 funts baino gehiago ditugu.
Funts horietan dagoen musika gureganatzea, sailkatzea, katalogatzea eta zabaltzea izan da nire beste erronketako bat, laburbilduz, Eresbilek duen erronka nagusia, eta hori gero teknologia digitalaren bidez zabaltzea. Ez dakit lortu dudan erabat, baina horretan saiatu naiz.
Hori, gainera, jendearen eskura jarri duzue, ezta?
Bai, hala da. Gaurko egoerara etorrita, COVID-19aren osasun larrialdiak agerian utzi du teknologia berriek aukera ematen dutela informazio horiek etxe guztietara iristarazteko digitalizazioaren bidez. Dezenteko erronka dugu oraindik.
Musikaste altxorra da. Errenteriaren izena lau haizetara zabaltzen du urtero. Zein ekarpen egin dio herriari?
Musika klasikoan Errenterian dagoen jaialdi bakarra da, momentuz, eta zoritxarrez. Ziklo gehiago behar lituzkeela herriak uste dut. Musikastek jendeari eman dio musika klasikoa eta garaikidea entzuteko aukera. Obra asko estreinatu dira Musikasten, eta Errenterian beraz. Konpositore askoren biografietan bere obren estreinaldian Errenteria azaltzen da, Musikasten estreinatu dituztelako.
Musikaren alorrari begiratuta, zein esango zenuke izan dela Errenteriaren garairik oparoena?
Ez da erraza galdera hori erantzutea. Musikan eta dantzan ere, ekintzen atzean pertsonak daude, eta alde horretatik esango nuke goi mailako belaunaldi indartsuena 1960ko hamarkadakoa izan zela. Batetik Juan Bautista Olaizolaren Eskolania oso garrantzitsua izan zen garai hartan, eta horri, Julian Lavilla eta Jose Maria Iraolaren bandaren hezkuntza, erakunde bezala, oso garrantzitsua izan zen. Ahots tradizioa asko landu zen garai hartan, eta musika hezkuntza ere. Hortik atera ziren izen ospetsuak Errenteriarentzat. Pedro edo Patxi Corostola; Felix Lavilla musikari, pianista, eta konpositorea… Emakume abeslariak ere izan ziren munduan zehar ibili zirenak. Hezkuntzatik datorkio hori Errenteriari. Dantzaren munduan beste hainbeste gertatzen da. Aitor Arrieta dantzariak asko esaten du Errenteriako dantzaren egoerari buruz, dantza hezkuntzan prestakuntza sendoa izan duela; Londresen dago egun. Musikaren munduan 1960ko hamarkada aipatu dut arestian, baina kontuz, nork daki, oraintxe bertan izen ospetsuak egiten ari ote diren gurean; nik baietz esango nuke.
Epe laburrean?
Horretarako urteak behar izaten dira, baina Aitor [Arrieta] jada goi mailan ari da eta espero dut musikan ere, bera bezala, beste asko Errenteria Musikaletik sortuko direla. Maite Arruabarrena kantari ospetsua hor dugu. Beste batzuk ere izan dira, gazte hil zirenak baina, Joxean Matxain baxua, edo beste hainbeste. Errenteriak jarraituko du ematen.
Eresbilez hitz eginda, ezinbestekoa da Jose Luis Ansorena aipatzea. 1966. urtetik Andra Mari, Oinarri, Karnaba, Orereta eta Gaztedi abesbatzak, Laia emakume otxotea, Musikaste, eta Eresbilen sortzaile izan zen. Asko zor dio Errenteriak. Aitortu zaio lan hori?
Plaza bati bere izena eman zaio, Jose Luis Ansorena Musika Plaza, baina beldur naiz, agian, errenteriarren memorian hemendik urte batzuetara ez geratzea Ansorenaren arrastorik. Ezagutu genuenok, joan ondoren, pentsatu genuen: ‘Zer geratuko da errenteriarren memorian?’.
Eresbilek aurten bertan web orri bat eskaini dio bere biografia eta ekintzei, baina belaunaldi berriei jakinarazi beharko genieke nor izan zen Jose Luis Ansorena eta zenbat zor diogun errenteriar bezala; Jose Luis errenteriarra zelako. Errenterian eta Errenteriatik egindako lan guztiari garrantzi gehiago eman beharko genioke.
Nola egin beharko litzateke hori?
Berak egindakoei segida ematen, memoria onena horrela gordetzen da. Ekintza horiek oraindik badute beren egitekoa eta zentzua: Andra Mari Abesbatza, Karnaba otxotea, Musikaste zaintzea.
Errenteriako Udala oso gertu izan dugu eta hori, noski, eskertzekoa da; aurrerantzean hala izan dadin ezinbestekoa da, sendotzea, eta jendeari jakinaraztea guzti horren sortzailea Jose Luis Ansorena izan zela.