Bi gizon atxilotu dituzte harategi batean lapurtzen saiatzea leporatuta
Lapurreta egiten saiatzeko erabilitako moduagatik zonalde berean aurreko egunetan beste bi komertzioetan egindako lapurretekin zerikusia ote duten ikertzen ari dira orain.
Bi gizon atxilotu dituzte Ertzaintzak eta Udaltzaingoan gaur goizaldean, indarra erabilita harategi batean lapurreta egiten saiatzea egotzita. 04:00etan izan da gertakaria, Erdialdean. Patruila lanak egiten ari zen Ertzaintzaren auto batek hots metalikoak sumatu ditu. Lekura bertaratuta, bizilagun bat ikusi dute bi gizoni kargua hartzen, harategiko pertsiana indarrez zabaltzen saiatzen ari ziren bitartean. Ertzaintza ikusita, ihesi atera dira biak norabide ezberdinetan, beti ere Segurtasun Sailak emandako informazioaren arabera.
Haien atzetik joan dira ertzainak, eta abisua eman diete agente gehiago eta Udaltzaingoari. Handik gutxira atxilotu dituzte bi gizonak, bat Ertzaintzaren patruilak eta bestea Udaltzaingoak.
Atxilotuek 25 eta 34 urte dituzte eta indarra erabilita lapurtzen saiatzea leporatuta atzeman dituzte. Lapurreta egiten saiatzeko erabilitako moduagatik zonalde berean aurreko egunetan beste bi komertzioetan egindako lapurretekin zerikusia ote duten ikertzen ari dira orain. Atxilotuek aurrekari ugari dituzte Segurtasun Sailaren arabera, eta jakinarazi duenez, datozen orduetan eramango dituzte epailearen aurrera.