Asteazkenean, Gipuzkoako Traineru Txapelketa Orion
Asteazkenean, Gipuzkoako Traineru Txapelketa Orion. Emakumeen nahiz gizonen hiruna txanda egingo dituzte. Bertan izango dira Oarso Bidasoko traineruak.
Bihar (asteazkena) Gipuzkoako Traineru Txapelketa izango da jokoan Orion. 18:00etan hasiko dira emakumeen eta gizonen estropadak, sei txandatan banatuta, seina emakume zein gizonenak. Hondarribia, San Juan, Hibaika eta San Pedro bertan izango dira. Iaz, Orio izan zen nagusi gizon zein emakumeetan, eta bi kategorietan Hondarribia izan zen bigarren.
Emakumeen hiru txandetan bederatzi traineruk parte hartuko dute eta gizonenetan hamaikak. Emakumeen nahiz gizonen lehen bi txandak (ligetan ETE nahiz KAEn daudenak) erlojupeko formatuan izango dira, eta azken txandan (Euskotren eta Eusko Label ligetan dabiltzan traineruak dira) linean ariko dira txanda horietako lau traineruak. Neurri hori, COVID-19agatik ezarritako protokoloagatik hartu dute.
Itsasoan izango da estropada, ez Oria aldean. Txapelketako eremura eta Orioko kai-muturrera sartzea mugatua izango da, antolatzaileek eta parte hartzaileek sartu ahal izango dute soilik. Arrantza portu berrian zaleek egoteko aukera izango dute, baina beti segurtasun neurriak errespetatuz.
Honakoak dira biharko txandak:
Emakumeak:
- 1. txanda: Hibaika eta Lapurdi (erlojupekoan).
- 2. txanda: Tolosaldea, Zumaia eta San Juan (erlojupekoan).
- 3. txanda: Orio, Donostiarra, Arraun Lagunak eta Hondarribia (lineako estropada, laurak elkarrekin).
Gizonak:
- 1. txanda: Lapurdi, Mutriku eta Hibaika (erlojupekoan).
- 2. txanda: San Pedro, Getaria, San Juan eta Zumaia (erlojupekoan).
- 3. txanda: Donostiarra, Orio, Hondarribia eta Zarautz (lineako estropada, laurak elkarrekin).