Eskola Kirolaren erronka, joan-etorriak modu iraunkorrean egitea
Eskola Kirolaren erronka, joan-etorriak modu iraunkorrean egitea da. Horretarako lanean jarraituko dutela esan dute egitasmoaren arduradunek.
Oarsoaldeko Eskola Kirolako erronketako bat da kirolarien eta haien laguntzaileek joan-etorriak era iraunkorrean egitea. 1.400 dira eskualdean egitasmoarekin bat egin dutenak azken ikasturtean: horien %45ek egin zituen joan-etorriak modu iraunkorrean 2018-2019 sasoian, bizikletan, oinez eta garraio publikoan batez ere.
Beraz, hurrengo ikasturteari begira, erronka dute esku artean Eskola Kirolako kideek: %45eko hori gainditzea. Hala, 1.400 kide biltzen dituen jarduera horretan hainbesteko bidaia iraunkor egitea baikortzat dute egitasmoaren arduradunek, baina ehuneko hori gainditzeko konpromisoa sendoa dela adierazi dute.
Haurren eta gurasoen konpromiso hori aitortzeko hainbat sari eman ohi dira. Bat bizikletan bidaia gehien egin dituen ikasleari ematen diote; beste bat bizikletan gehien mugitu den ikastetxeari; hirugarrena joan-etorri berdeetan gehien lekualdatu den ikastetxeari dagokio, eta laugarrena, sari berezi bezala, behin gutxienez desplazamendurako bizikleta erabili duen haurrari ematen zaio.
Oarsoaldea Garapen Agentziako egungo presidente eta Oiartzungo alkate Jexux Leonetek adierazi du mugikortasun iraunkorra sustatzeko planak “osasuntsu” jarraitzen duela eskualdean: “Baina lanean jarraitu beharra dago, inertzia berriak sortzeko eta Oarsoaldeko Eskola Kirolak ahalik eta iraunkorren izaten jarrai dezan”.