Lezoko taberna bat itxiarazi dute, jabeak COVID-19agatik positibo eman duelako
Lezoko taberna bat itxiarazi dute jabeak COVID-19agatik positibo eman duelako. Segurtasun protokoloa ezarri dute. Alkateak egoera kontrolpean dagoela esan du.
Lezoko taberna bateko jabeak COVID-19agatik positibo eman duelako, establezimendua itxiarazi dute. Lezoko Udalak jakinarazi du hornitzaile batekin izandako kontaktuagatik izan dela infektatua taberna horren jabea. Pertsona hori zein gertuko senitartekoak isolamenduan daude jada, probak egiteko zain. Hau da, emaitza jaso eta berehala, segurtasun protokoloa abiatu zuten.
Udalak emandako datuen arabera, hornitzaileak abisua eman zion Lezoko tabernaren jabeari koronabirusagatik positibo eman zuela. Lezoarrak proba egin, eta hura ere infektatua zegoela atzeman zen. Tabernariaren emazteari ere egin zitzaion proba, kasu honetan emaitza negatiboarekin.
Inguruko taberna eta guztiak irekita mantendu dira, udalak dituen datuen arabera, horien arduradunek ez dutelako hornitzailearekin ez eta kutsatutako tabernariarekin harremanik izan.
Jesus Mari Martiarena alkateak lasaitasun mezua helarazi nahi izan du: “Segurtasun protokoloa martxan da, eta egoera kontrolpean dago”. Edonola ere, herritarrei eskatu die arduraz jokatzen jarrai dezatela, musukoa erabiliz eta segurtasun distantziak mantenduz. “Guztiok ikasi behar dugu birus honekin elkarbizitzen. Tamalez, bidean horrelako kasuak gerta daitezke. Horregatik, ez diogu adi egoteari utzi behar, eta segurtasun eta osasun neurriak errespetatzen jarraitu behar dugu: musukoa erabili, eskuak maiz garbitu eta urruntze soziala mantendu”, esan du alkateak.