Antxoko Tren Geltoki Berriaren Plataformaren proposamenak itxoin beharko du
Gaur goizean Arizabalo Jauregian egin den ezohiko udalbatzarrean, Izaskun Gomez alkateak gai honen inguruan hartu diren azken erabakien berri eman du. Antxoko bulebarraren proposamenak "luze" itxaron beharko du.
Izaskun Gomez alkateak aditzera eman du gaurko ezohiko batzarraren amaieran, Adifeko buruekin bilera bat izan duela Pasai Antxoko Tren Geltoki Berriaren plataformak egindako proiektu-proposamena aztertzeko. Elkartze horretan hitz egindakoaren arabera, “zoritxarrez”, Antxoko tren geltoki berriaren lursail bat bulebar bilakatzeko ideiak (egitekotan), “luze joko du”.
Adifek “epe labur zein erdian” Plataformak proposatutako lanak egitea ez dela posible izango iragarri du, hurrengo arrazoiengatik:
-
Epe motzean beste herri batzuetan martxan jartzea aurreikusita dagoen trenbide lanek, Antxoko geltokia hainbat merkantzia eta trenen “bazterbide” bezala erabiltzeko beharra eskatzen dute.
-
Gune horrek portuarekin daukan harreman logistikoa ezin da bertan behera gelditu, une honetan daukan garrantziagatik.
Alkatearen ustez, herriarentzat “onena” dena, “premiazkoena” den horretatik desberdindu beharra dago egoera honetan. Premiazkoena, Gomezen arabera, “egoera negargarrian” dagoen geltoki bat berritzea da. Horregatik, Antxoko bulebarra ez da urte gutxi batzuetan emango den errealitate bat izango.