Donibanen "emergentziazko neurriak" martxan jartzeko proposamena luzatu du EH Bilduk
Gaur goizean egin den ezohiko udalbatzarrean EH Bilduk San Juanen, asteburuetan, ematen ari diren "okupazio aldaketei" aurre egiteko beharra azpimarratu du. Horretarako hainbat "premiazko neurri" proposatu ditu taldeak.
COVID-19aren eraginez Donibanen, Alabortza inguruan batik bat, “espazio publikoaren okupazioan” aldaketa nabarmenak ematen ari direla adierazi du EH Bilduk gaur goizeko batzarrean. Alderdiaren arabera, “joera berriak” sortu dira larritasun egoera honetan, eta San Juango zonalde hori (eguraldi ona nagusi denean, gehienbat) jendez gainezka egoteak “urgentziaz hartu beharreko neurri batzuen” beharra dakar.
Taldeak hainbat proposamen mahaigaineratu ditu, haien artean:
- Garbiketa txanda berezi bat martxan jartzea igandeetan.
- Hondartzetan atxiki diren segurtasun arauak aplikatzea Alabortzan.
- Oinezkoen lehentasuna bermatzea.
- Kaleak ixteko ordutegi bat ezartzea.
- Musukoaren erabilera derrigortzeko ahalegin berezi bat egitea.
- Gehienezko okupazio jakin bat dagoenean, kontrolak egitea asteburuetan (zonalde konkretuetan).
EH Bilduren iritziz, urgentziazko neurri hauek “lehenbailehen” martxan jarri beharko lirateke, uda garaian aspaldi murgildu baikara. Honez gain, hurrengo hilabeteei begira Donibaneko mugikortasun eredua jorratzeko lan-talde bat sortzeko proposamena ere luzatu du alderdiak; hala, datorren urterako aurreikuspen hobea egin ahalko litzateke, eta baita “horrelako arazoak ekidin” ere.