Haur gaixoak dituzten 24 familia artatu ditu Juneren Hegoak elkarteak
Elkartearen diru sarrerak %25 murriztu ziren iaz, eta joera hori mantenduko dela aurreikusi dute aurten COVID-19arengatik. Familiekin lanean jarraitu ahal izateko laguntza eskatu die elkarteak gipuzkoarrei.
Juneren Hegoak elkarteko kideen artxiboko argazki bat. Juneren Hegoak Gobernuz Kanpoko Erakundeak 24 familia artatu zituen iaz, duela zazpi urte sortu zenetik artatu duen inoizko kopururik handiena. Zazpi urte horietan, sortu zenetik, 51 familiei eman die laguntza, eta iaz, zortzi familia berri sartu ziren elkartean. Eredugarria da egiten duen lana, eta hortik harago ezinbestekoa, seme-alaben gaixotasun, heriotza edo dolu egoeran dauden familiei, elkarteko boluntarioek laguntza emango dietelako, eta batez ere, babesa.
Iazko balantzea egin du elkarteak, eta datu guztiak jaso ditu 2019ko memorian. Gaur egun 61 boluntario ditu, 48 emakume eta 13 gizon, eta iaz, 16 boluntario berri hasi ziren elkartean laguntzen arlo ezberdinetan. Laguntza hori betei dela ongietorria esan du Carlos Sanchez Juneren Hegoak GKEren presidenteak: “Bederatzi arlo ditugu: administrazioa, komunikazioa, familiak, ekitaldiak, mantenua, merchandisinga, elkarrekin, plangintza eta boluntariotza; guztietan behar ditugu pertsonak”.
Haurren gaixotasun esperientziagatik egoera ahulean dauden Gipuzkoako familiak laguntzeko sarea sortzeko xedea du Juneren Hegoak elkarteak, “horiekin lankidetzan aritzen gara, gaixotasun edo dolu bizipenei aurre egiteko”. Iaz, Juneren Hegoakek 27.000 euro inbertitu zituen familiei arreta emateko: 16.000 gaixorik dauden haurrentzat izan zen zuzenean, 3.000 gurasoak laguntzeko, eta 8.000 euro familientzako zeharkako laguntzetarako. Horri, 9.300 euroko funtzionamendu gastuak gehitu behar zaizkiola, eta 15.500 eurokoak ekitaldiak antolatu eta elkartearen beraren lana gizarteratzeagatik erantsi du Sanchezek.
Elkartearen diru sarreren jatorria ere azaldu du Sanchezek: “%68,3 dohaintzak dira, eta horrekin batera ekitaldiak, produktu solidarioen kudeaketak, Errenteriako Udalaren diru laguntza (%25), Kutxa Fundazioaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntzak (%6,5) jasotzen ditugu”.
2019an diru sarrerak gutxitu zirela azaldu du —%25 gutxiago jaso zuten— eta gastu gutxiago izan zuten ere —%11 gutxiago, zehazki—. Alabaina, kezka azaldu du elkarteak aurten osasun larrialdia dela-eta, beheranzko joerak segida izango duela uste dutelako: “Egoera honen aurrean gipuzkoarrei dei egin nahi diegu gurekin elkarlanean aritzeko”. Horretarako ekarpen puntualak egin daitezke edo hilean euro bateko dohaintza Teaming Plataformaren bidez. Gaur egun, 700 teamer inguru ditu elkarteak: “Hileko diru horrekin, haurren tratamenduez ardura gaitezke”.
Gogora ekarri du Sanchezek, elkartea onura publikokoa izendatu dutela aurten, eta beraz, Juneren Hegoak elkarteari egindako dohaintza orok zerga onurak dituela.
Proiektu ugaritan
Proiektu ugaritan hartzen du parte Juneren Hegoakek, bizia da oso, eta iaz, hamabi iniziatibatan parte hartu zuen haurrak ahultasun edo gaixotasun egoeran dituzten familien gainean sentsibilizatzeko jendartea. Hala, Bizi Poza, eta Bizitu elkarteekin elkarlanean ari da eta hitzaldiak antolatu ditu ikastetxeetan, besteak beste. Halaber, bost ekitalditan hartu zuen parte iaz: Juneren Hegoak Eguna, Euskal Eskola Publikoaren Jaia, Elkartasunaren motorra, Asteasuko Orientazio proba, eta San Silbestre lasterketan.
Balantzea positiboa dela gaineratu dute elkartetik, “sortu ginenetik inoizko familia kopuru handiena artatu genuen iaz. Prozedurak eta lan egiteko moduak findu eta finkatu ditugu kalitate handiagoko arreta eta beroagoa emateko, eta familiek eskatzen dizkiguten laguntza ekonomikoak ahalik eta modurik bidezkoenean emateko”.
Gizarteari dei egin dio Sanchezek, balioak berreskuratzeko deia: “Elkartasuna, besteekiko enpatia, batez ere behar handiena dutenekikoa. Datozen urteetarako Juneren Hegoak sendotzea espero dugu, zimendu sendoak sortzea, energia berriak eta ideia berriak ekarriko dizkiguten aukerak sortuz”.
Egunez egun lanean jarraitzeko gogoa duen lantaldeari eustea da beste desioetako bat, “eta erakundeek laguntza ekonomiko finko eta egonkorrak emateko hitzarmenak egitea lortzen badugu gehiago zabaldu eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoa osoko familia gehiagori laguntza eskaini ahal izatea. Eta nork daki, agian iritsiko da beste erkidego batean laguntza sukurtsalen bat sortzea ere”.
