Konfinamenduan hildakoen omenez
Hildakoak oroitzearekin batera eta merezitako agurra eta omenaldia eskaintzearekin batera, haien senide eta gertukoei babesa erakustea, debekatutako besarkada eta muxuen garaian, elkartasun kolektiboa helaraztea izan zuen helburu ekitaldiak.
Atzoko omenaldiaren irudi bat, kanpoaldean. Argazkia: Aizpea Otaegiren Twitter kontutik hartua COVID-19aren osasun larrialdiarengatik ezarritako konfinamendu garaian hil diren errenteriarrak oroitu zituzten atzo udalak antolatutako ekitaldi ofizialean. Hildakoak oroitzearekin batera eta merezitako agurra eta omenaldia eskaintzearekin batera, haien senide eta gertukoei babesa erakustea, debekatutako besarkada eta muxuen garaian, elkartasun kolektiboa helaraztea izan zuen helburu ekitaldiak.
Ekitaldi laikoa, xumea, baina sentitua. Bi zatitan banatu zuten ekitaldia. Lehenik, Niessen Kulturgunean hildakoen senide eta gertukoekin ekitaldia egin zuen udalak. Ondoren, Errenteriako Atea eskulturaren parean egin zuen deialdia herritar guztiei begira udalak. Eskultura horren ondoan kandelak jarri zituzten herritarrek arratsean, 20:00etatik 00:00etara. Modu sinboliko horrekin irudikatu zuten agur kolektiboa eta hildakoen senideei babesa.
Udaletxea, gainera, horiz argiztatu zuten atzo, kandelen argi kolorez, omenaldia biribiltzeko.
Maiatzaren 26an telematikoki egindako udalbatzarrak erabaki zuen omenaldia egitea COVID-19aren osasun larrialdiaren barruan hildakoei eta haien senideei. Garaiaren gogortasunean jarri zuen azpimarra orduan Aizpea Otaegi alkateak: “Ezinbestekoa da maite ditugunak behar bezala laguntzea, babestuta egotea, joaten diren horiek lagunduta egitea eta dolua egin behar dutenek babesa sentitzea”. Udalbatzak horretarako baldintzak ematen zirenean merezitako omenaldia eskaintzeko konpromisoa hartu zuen.
Aizpea Otaegik omenaldiaren harira mezua zabaldu zuen atzo sare sozialen bidez, hildako horien senideei babesa erakutsi eta besarkada kolektiboa, herri besarkada, helarazteko.
Ausentziak eraiki egin behar dira eta zail izan dutenei horretan laguntzea izan da gure nahia. Intuizioak eta elkartasunak gidatuta aritu gara. Asmatu izana espero dugu, bihotzez. Gure berotasuna garai zailotan senide edo lagun bat galdu duzuen guztioi! pic.twitter.com/XHiPwY5RLF
— Aizpea Otaegi (@AizpeaOM) July 14, 2020
