'Pasaian erosi' kontsumo-bonuak martxan, gaurtik aurrera
Pasaiako Udalak iragarri du gaurtik aurrera (uztailak 15) eta urriaren 31ra arte "erosi eta trukatu" ahal izango direla bonuak. 20 euroko kostua izango dute, eta 30 euroko erosketak egin ahal izango dira bakoitzarekin.
Udalak aditzera eman duenez, ‘Pasaian erosi’ kontsumo-bonuen kanpaina gaurtik aurrera (uztailak 15) eta urriaren 31ra arte egongo dela martxan. Txartel bakoitza 20 eurogatik eskuratu ahal izango da, eta 30 euroko erosketak egin ahal izango dira (hortaz, 10 euroko irabazia eskaintzen dute). Pertsona bakoitzak, gehienez, 4 bonu erosteko aukera izango du eta 16 urtetik gorakoentzat bakarrik egongo dira salgai.
Kanpaina hau Pasaiako Udalak COVID-19aren ondorioz kaltetutako tokiko ekonomia suspertzeko plan baten parte da. 23 establezimendu hartzen ditu barne ekimenak, eta haietako guztiek kartel bat jarriko dute, herritarrek jakin dezaten bertan bonuak erabil ditzaketela. Komertzio horiek zein diren udalaren webgunean kontsultatu ahal izango da; Trintxerpekoak dira haietako 10, Antxokoak beste 10, Donibanekoak 2 eta San Pedrokoa azkena.